Tolosako Gainberri Kirol Heziketako Natura Inguruneko Gidari Lanetako eta Aisialdiko Teknifikatuko erdi-mailako ikasleek Bidasoa ibaia garbitzeko ekimen praktikoa burutu dute Irunen, joan den ostiralean, urriak 2. Guztira 21 ikaslek eta 2 irakaslek hartu zuten parte ekintzan, Irungo Santiagotarrak Kirol Elkartearen laguntza zuzenarekin. Elkartearekin harremanetan jarri ondoren, klubak bere piraguak utzi zizkion taldeari, kirol-jarduera, natur inguruneko teknikari-prestakuntza eta ingurumen-zaintza modu praktiko zein zuzenean uztartu ahal izateko.
Ekimen hau Lanbide Heziketako ziklo guztietan berriki ezarritako ‘Jasangarritasuna‘ irakasgaiaren esparruan kokatzen da. Lide Sañudo Gainberriko irakasleak azaldutakoaren arabera, irakasgai berri honi lehen uneaz geroztik izaera praktikoa eman nahi izan diote, ikasleen ikasketekin eta etorkizuneko lanbidearekin lotura zuzena eginez. Egitaraua goizeko 10:00etan abiatu zen Santiagotarrak elkartearen egoitzan. Aldatu eta ikasleak binaka piraguetan egokitu ondoren, klub horretako kirolari ohi den irakasle batek oinarrizko jarraibideak eta azalpenak eman zituen. Jarraian, 10:30etik 12:00etara bitartean, uretan nahiz ibai-ertz osoan zaborra biltzeari ekin zioten. Ikasleek inplikazio handia eta jarrera oso positiboa erakutsi zuten: uretara sartuz zein piraguetatik lehorrera igoz ibai-hondoko eta ertzetako hondakinak bildu zituzten.
13 zabor-poltsa
Garbitze-lanaren emaitza argia izan zen: ordubete eta erdian 13 zabor-poltsa handi betetzea lortu zuten goraino. Jasotako hondakin gehienak mota askotako plastikoak eta botilak izan ziren, baina beste objektu bitxi ugari ere topatu zituzten, hala nola irrati zahar bat, paretak margotzeko pintzelak, soka luzeak edota bota bat. Jardueraren amaieran, irakasle eta ikasleek gogoeta-saio bat egin zuten bertan. Ikasleek harrituta adierazi zuten ez zutela espero ibaia hain zikina egotea eta gizakiaren jarduerak ingurumeneko ekosistemetan nahiz uretako animalietan kalte hain handiak eragiten dituela lehen pertsonan egiaztatu ahal izan zuten.
Parte-hartzaileek izandako esperientzia praktiko hau ikasgelan teorian sakontzen jarraituko dute ikaskuntza osoa borobiltzeko. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lehen aldia izan da horrelako ekimen bat burutu dutela, baina lortutako erantzun zein emaitza ikusita, datorren ikasturteetan ere urteko ohiko jarduera gisa errepikatzeko asmo sendoa dute.



