Irungo Udalak ‘Chillida Mendiburu. Denboraren ispilu‘ erakusketa aurkeztu du gaur goizean Menchu Gal aretoan. Eduardo Chillida (1924-2002) eta Remigio Mendiburu (1931-1990) euskal eskultore garrantzitsuen obrak espazio berean eta elkarrizketan jartzen dituen lehen mostra da hau, eta 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik. Aurkezpen publikoan Cristina Laborda Irungo alkatea, Nuria Alzaga Kultura ordezkaria, Mikel Chillida Chillida Lekuko zuzendaria, Estela Solana eta Juan Pablo Huercanos komisarioak zein Mendibururen senideak izan dira.
Erakusketak bi artisten 12na pieza hautatu bildu ditu, guztira 24 artelan osatuz. Zabalaga Lekutik etorritako obrez gain, bildumagile partikularrek eta Laboral Kutxak (Puño Mazo lana utziz) egindako maileguei esker osatu da bilduma. Eskulturekin batera, Sidney eta A. Lurie Waintrob estatubatuarrek hirurogeiko hamarkadan Mendiburuk Hondarribian zuen tailerrean bi artistei egindako argazki-erreportaje historikoa ere ikus daiteke. Estela Solana eta Juan Pablo Huercanos komisarioen egitasmo honek materia, espazioa, sormen-prozesua eta naturarekiko lotura jorratzen ditu, Xabier Salaberriaren museografiarekin eta Maite Zabaletak diseinatutako katalogo bereziarekin (12 euroan salgai).
Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, “benetako plazera da Irunen gisa honetako erakusketa bat antolatzea”, eta gaineratu du erakusketa honek hiria kultur zirkuitu nagusietan kokatzen duela Menchu Gal aretoaren izaera propioa sendotuz. 2010ean ireki zenetik euskal sorkuntza garaikidea bultzatzen duen areto honek Gaur taldeko kide guztien obrak erakutsi ditu urteen zehar; Chillidak 2011n eta Mendiburuk 2014an bakarkako erakusketak izan zituzten bertan, baina oraingoan lehen aldiz ikus daitezke bi ibilbideak elkarrekin elkarrizketan.
Familientzako tailerrak
Erakusketaren osagarri gisa, doako familia-tailerrak antolatu dira Maushaus arkitektura-tailerraren eskutik urriaren 16an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n. Saio hauetan erakusketa bisitatu ondoren sormen-lana egingo da Udal Euskaltegian, aurretik izena emanda. Menchu Gal aretoa ostiral eta larunbatetan egongo da irekita 18:00etatik 21:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era.



