Jon Unzuetak ‘Viajando sin barreras’ abentura aurkeztuko du gaur Amaia Kultur Zentroan

Irungo Amaia Kultur Zentroak ‘Zure abenturaren bila‘ zikloaren saio berri bat hartuko du gaur, urriak 22, arratsaldeko 19:30ean. ‘Viajando sin barreras’ izenburupean, Jon Unzuetak antipodetara egindako bi hilabeteko bidaia bereziaren nondik norakoak eta bizipenak azalduko ditu gaztelaniazko hitzaldian. Emanaldira joateko sarrera doakoa izango da, aretoko edukiera osatu arte.

Egitasmoaren sorburuan bi lagunen erronka eta mezua dago: horietako bat gurpil-aulkian dagoen pertsona tetraplegikoa izanik, beren kabuz bidaiatzea erabaki zuten, edozein pertsonak, duen gaixotasuna edo ezintasuna gorabehera, mundua ezagutzeko aukera duela erakusteko. Hilabete luzez dirua aurrezten eta bidaian zehar ager zitezkeen logistika- zein irisgarritasun-arazo guztiei konponbideak bilatzen aritu ostean, abenturari ekin zioten.

Espedizioan zehar, Zeelanda Berria autoz zeharkatu zuten eta aterpetxeetako gela partekatuetan hartu zuten ostatu, elbarritasuna gainerakoekiko desberdintasun ez izateko asmoz. Ondoren, Australian 10.000 kilometro baino gehiago egin zituzten furgoneta batean, espazio murriztuan lo egiteak dakartzan zailtasunei aurre eginez, eta bidaia Cook uharte urrunetako bazter paradisiako batean borobildu zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude