Irungo Udalak aurtengo eguberrietako programazioaren berritasun nagusia aurkeztu du: ‘Gabonetako Etxea’. Hiriko A&B Shows enpresak Udalarekin elkarlanean ekoitzi eta kudeatutako proiektu honek Ikust Alaia eraikina eraldatuko du, eguberrietako agertoki, pertsonaia eta unibertsoz hornituz herritarrei eta bisitariei esperientzia murgiltzaile bat eskaintzeko.
Cristina Laborda alkateak nabarmendu du ekimen honek hiriko profesionalen talentua eta sormen-gaitasuna balioan jartzen dituela, Irun “Euskadiko eguberrietako hiriburu” bihurtzeko helburuarekin. Era berean, egitasmoak bertako merkataritzari eta ostalaritzari bultzada ekonomiko nabarmena emango diola gogorarazi du; izan ere, iazko kanpainaren azterketak erakutsi zuen Udalak inbertitutako euro bakoitzeko sei eurotik gorako itzulkin ekonomikoa sortu zela hirian.
Esperientzia honetan parte hartzen duten haurrek hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte bidean zehar: Gabon (etxearen jabea), Mister Jolas, Galtzagorri, Izartxo eta Amets. Aretoz areto, bisitariek jostailu-fabrika, Olentzero eta Mari Domingiren mundua, Errege Magoen kanpamentua eta ametsetako unibertsoa arakatu ahal izango dituzte. Gainera, sarreran haur bakoitzari pasaporte bat banatuko zaio gune bakoitzean zigilatu dezan. Ikuskizuna euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko da, eta sarrera nagusia Karrika Nagusiko atetik egingo da (12 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute derrigorrez).
Hilabete bat magian murgiltzeko
Gabonetako Etxea abenduaren 5, 6, 7, 12, 13, 19, 20, 22, 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31n egongo da zabalik, baita urtarrilaren 2an eta 3an ere. Ordutegi nagusia arratsaldez izango da, 16:30etik 19:30era, abenduaren 24an eta 31n izan ezik, egun horietan goizez bakarrik zabalduko baita (11:30etik 13:30era). Sarrerak banaka (3 euro) edo bost lagunentzako bonu bidez (12 euro) eskuratu ahal izango dira azaroaren 12tik aurrera, ostegunarekin, goizeko 10:00etan udal-webgunean. Bisitak ordu erdiko tarteetan antolatuko dira hamar pertsonako azpitaldeetan —gehienez 60 lagun txanda bakoitzean—, eta barrutira erreserbatutako ordua baino 10 minutu lehenago sartu ahal izango da.



