Gaur, azaroak 11, greba orokorra egingo da Irunen ere. Deialdi honen bidez, langileen soldata jaitsierak eta higiezinen prezioen igoera etengabea salatu nahi dituzte. Protesta egitarauaren barruan, goizean zehar informazio-piketeak egongo dira Irun eta Hondarribian, eta arratsaldean, 18:00etan, Eskualdeko manifestazioa abiatuko da Amutetik San Juan plazara.
Udalaren zerbitzu minimoak
Irungo Udalak gaurko egunean zehar egingo den greba orokorraren harira udal-ekipamendu eta zerbitzuetan ezarritako gutxieneko zerbitzuen berri eman du. Hezkuntza eta ikastetxe publikoen esparruan, atezain edo mendeko langile bana mantenduko da sarrera-kontrola bermatzeko, bai ikastetxeetan bai Udal Kontserbatorioan. Bestalde, Udal Haur Eskolan bi langile arituko dira sartze-kontrola zein babes-funtzioak bermatzeko, eta jangelako ordutegian ere langile baten presentzia bermatuko da.
Hiri barruko autobusei dagokienez, Irunbusek ohiko zerbitzuaren % 30 eskainiko du greba-ordutegietan. Maiztasun hori ezartzerakoan, lehentasuna emango zaie osasun-zentroetara doazen lineei edota ordezko garraiorik ez dutenei, lanorduetako sarrera-irteerei arreta berezia jarriz. Gizarte-zerbitzuen arloan, Zubia Zentroak jaiegunetako zerbitzua emango du, eta Etxebizitza Komunitarioetan zuzeneko arretaren % 50 mantenduko da, otorduetan % 60ra igota.
Azkenik, Etxeko Laguntza Zerbitzuak II. eta III. mendetasun-gradua duten pertsonei soilik emango die arreta, oinarrizko zaintzak bermatuz: otorduak, garbiketa pertsonala, sendagaien kontrola, oheko jarrera aldatzeak eta ezin atzeratuzko osasun-hitzorduetarako laguntza. Hala ere, udalak ohartarazi du deialdiaren jarraipenaren arabera gainerako udal-instalazio zein zerbitzuen ohiko ordutegi eta irekieran aldaketak egon daitezkeela.
Trafikoan eragina
Irungo Udalak eta Udaltzaingoak abisua eman dute gaur hiriko zirkulazioan eragin handiak izango direla greba orokorraren harira deitutako arratsaldeko manifestazioa dela eta. Protesta 18:00ean abiatuko da Letxunborro hiribidetik, eta Hondarribia, Zubiaurre, Geltoki, Colón pasealekua, Foru kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko ditu, 20:00ak aldera San Juan plazan amaitzeko. Bide-mozketak 18:00etan hasiko dira abiapuntuan eta 18:20tik aurrera gainontzeko ibilbidean, pertsonen segurtasuna bermatuz martxa igaro ahala trebeskatuz joango direlarik. Udaltzaingoak gidariei aldez aurretik planifikatzeko eskatu die.
Bestalde, garraio publikoari dagokionez, Irunbuseko hiri-autobus zerbitzuek % 30eko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte egun osoan zehar. Linea nagusiei dagokienez, L1 lineak (Zaisa – Ospitalea) 06:00etatik 21:00ak arte ezarritako ordutegi zehatzak izango ditu bi norabideetan (hasieran 30 minutuz behin eta ondoren 45 minutuz behin). L2 lineak (San Juan – Katea – Txingudi) orduero irteerak izango ditu San Juanetik 06:00etatik 22:00ak arte, Suhiltzaileetatik eta Txingudiko merkataritza-gunetik igarotzen diren zerbitzu jakin batzuekin batera.
Azkenik, auzo desberdinak lotzen dituzten linea osagarriek ere maiztasun murriztuak izango dituzte. L3 lineak (San Juan – Artia) 07:00etatik 22:00ak arteko tartean eskainiko ditu gutxieneko pasaldiak, arratsaldeko hainbat zerbitzu Tenisera bideratuz. L4 lineak berriz (San Juan – Anzaran – Olaberria), ordubete eta erdian behingo irteerak izango ditu San Juanetik, goizeko 07:45ean hasi eta gaueko 21:15ean azkena eginez.



