Datorren ostiralean, azaroak 27, egingo den Black Friday kanpainaren harira, Bidasoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak (ACUBI) zazpi gomendio bildu ditu herritarrek erosketak segurtasunez eta arduraz egin ditzaten. Data hau, eskualdeko saltokietan ere Eguberrietako erosketen hasiera gisa finkatu den hitzorduan bihurtu da.
Irungo elkartetik ohartarazi dutenez, promozio hauen atzean kontsumoa sustatzeko estrategia komertzial handia dago, eta azpimarratu dute «deskontuarekin erosteak ez duela nahitaez hobeto erostea esan nahi». Hori dela eta, lehenik eta behin erosketak planifikatzea gomendatzen dute: benetan behar diren produktuen zerrenda egitea, gehienezko aurrekontua finkatzea erosketa oldarkorrak saihesteko, saltoki desberdinetako prezioak alderatzea eta denda fisikoetan eskudirutan ordaintzea gastuaz jabetzeko.
Halaber, ACUBIk nabarmendu du ezinbestekoa dela beherapenak benetakoak direla egiaztatzea. Saltokiek argi adierazi behar dituzte prezio merkatua eta aurrekoa; arau orokor gisa, aurreko prezio horrek produktuak aurreko 30 egunetan izan duen baxuena izan behar du. Era berean, elkarteak gogorarazi du beheratutako produktuek kontsumitzaileen eskubide guztiak mantentzen dituztela: produktu berriek hiru urteko legezko bermea dute entregatzen direnetik, eta saltokiek ezin dute berme hori murriztu, ezta kalitate txikiagoko edo akastunak diren artikuluak saldu aldez aurretik behar bezala jakinarazi gabe. Edozein itzulketa, berme edo erreklamazio izapidetu ahal izateko, funtsezkoa da erosketa-tiketak, fakturak, ordainagiriak eta berrespen-mezuak gordetzea.
Iruzurrak Interneteko erosketetan
Egun hauetan Internet bidezko erosketak nabarmen hazten direnez eta iruzur-saiakerak ugaritzen direnez, ACUBIk sarean kontu handiz ibiltzeko deia egin du. Besteak beste, helbidea HTTPS bidez hasten duten webgune fidagarrietan erostea, enpresa saltzailearen datuak eta helbide legala identifikatzea, ordainketa-metodo seguruak erabiltzea —ezezagunei transferentziak egitea saihestuz—, esteka susmagarrietan pasahitzik edo banku-daturik ez ematea eta bidalketa-gastuak zein entregatzeko epeak berrikustea aholkatu dute. Gainera, gogorarazi dute urrutiko erosketetan kontsumitzaileak, oro har, 14 egun naturaleko epea duela produktua jasotzen duenetik atzera egiteko eskubidea gauzatzeko eta artikulua inolako justifikaziorik edo zigorrik gabe itzultzeko, legeak aurreikusitako salbuespenetan izan ezik.
Azkenik, arreta berezia eskatu dute produktu teknologikoen inguruan (sakelako telefonoak, ordenagailuak, telebistak edo tabletak), ezaugarri teknikoak alderatzea eta gailuak berriak, birgaituak edo erakusketakoak diren egiaztatzea gomendatuz, baita marketplace edo plataformetako saltzailearen nortasuna eta bermea berrikustea ere. Erosketaren batekin arazoren bat izanez gero, lehen urratsa saltokiarekin zuzenean konpontzen saiatzea da, eta erantzun egokirik jaso ezean, erreklamazio-orria eskatu eta aurkeztea dokumentazio guztiarekin batera. Zalantzak argitzeko edo erreklamazioetan laguntza jasotzeko, ACUBIk gogorarazi du herritarren eskura dagoela Irungo Leandro Agirretxe plazako bulegoan (1. zenbakia, 2. solairua, 1. bulegoa), 943 63 21 94 telefonoan eta irunacubi@gmail.com posta elektronikoan.



