Bidasoa bizirik-ek EDIT proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu Ficoban 

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik garapen-agentziaren bitartez, EDIT Industria Eraldaketa Ekodigitala proiektuaren amaierako jardunaldia egin dute Ficoban. «Zure produktuak badu zer kontatua. Industria, Produktuaren Pasaporte Digitalaren etorreraren aurrean» lelopean, hiru urteko mugaz gaindiko lankidetzaren emaitzak eta enpresek Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) ezartzeko dituzten baliabideak aurkeztu dituzte topaketan.

Guztira, proiektua 160 enpresa baino gehiagorengana iritsi da informazio- eta sentsibilizazio-jardueren bidez —batez ere altzarigintzan, nekazaritzako elikagaien sektorean eta ehungintzan—, 52 enpresak parte hartu dute prestakuntza espezializatuko bost tailerretan, eta 13k neurrirako laguntza jaso dute. Nuria Alzaga Bidasoa bizirik-eko presidenteak nabarmendu duenez, proiektuak lehen urratsak ematen lagundu die enpresei, daukaten informazioa identifikatzen eta zer datu bildu behar dituzten zehazten: «Gipuzkoaren, Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetzari esker, enpresa txiki eta ertainek beren egoerara egokitu ditzaketen tresnak garatu ditugu».

Jardunaldian zehar pasaporte digitala praktikan ezartzeko esperientzia zehatzak ere partekatu dituzte. Alde batetik, IK Ingeniaritzako Gorka Benitok PPDak produktuen informazioa eskuratzeko eta trazabilitatea hobetzeko eskaintzen dituen abantailak azaldu ditu, burdinaren eta altzairuaren sektoreko enpresekin egindako proba pilotua hizpide hartuta. Bestetik, MIK–Mondragon Unibertsitateko Anaïs Iglesiasek gidatutako mahai-inguruan, EDITen bi proiektu pilotuetan parte hartu duten enpresek beren ibilbidea azaldu dute: Algonek produktu-lerro baterako pasaporte digitala sortzeko egindako lana aurkeztu du, eta Harivenasak, berriz, ontzi bat ekodiseinatzeko eta haren informazioa QR kode baten bidez kontsultatzeko garatutako prozesua.

Proiektuaren emaitza nagusietako bat webgune honetan eskuragarri dagoen doako autodiagnostiko-tresna da. Galdetegi horrek digitalizazioaren zazpi alderdi eta jasangarritasunaren hiru ebaluatzen ditu, eta enpresa bakoitzaren egoeraren arabera hamar eraldaketa-ibilbideetako bat proposatzen du, gida eta baliabide osagarriekin batera. Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak adierazi du tresna horri esker enpresek badakitela zertan aurreratu duten eta zer alderdi indartu behar dituzten: «Proiektua amaitu ondoren ere, eskualdeko enpresek baliabide horiek erabiltzen jarraitzea nahi dugu». Gipuzkoako, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako zortzi bazkide bildu ditu EDITek —Bidasoa bizirik, LaNum Pays Basque, Nafarroako Merkataritza Ganbera, Sakanako Garapen Agentzia, ESTIA, MIK, Harivenasa eta Algon—, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren % 65 kofinantzatu du Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude