Irungo Udala Eguberrietako kanpainaren azken xehetasunak prestatzen ari da —larunbat honetan abiatuko da argien pizketarekin—, eta aurtengo berritasun nagusietako bat ipuin-kontaketa formatuko abendualdiko egutegia izango da. Abenduaren 1etik 24ra bitartean, Gabon pertsonaiak bere eskailerara igoko da arratsaldero Jenaro Etxeandia plazako zuhaitz erraldoiaren ondoan, eta guztira 24 ipuin labur partekatuko ditu familiekin, euskaraz zein gaztelaniaz.
Hala, 21 metro garai eta 9 metro zabal dituen eta argi-joko dinamikoak izango dituen zuhaitzak berebiziko protagonismoa hartuko du aurtengo jaietan. Nuria Alzaga alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak nabarmendu duenez, herritarren eskaerei erantzunez eskaintza handitzen jarraitzea da helburua: «Zuhaitz erraldoia Irungo erakargarri nagusietako bat da, eta aurten balio handiagoa eman nahi izan diogu, familiek jarduera ezberdin batez gozatzeko aukera eduki dezaten egunero».
Jarduerak bi ordutegi izango ditu, eskola-egutegiaren eta Gabonetako Etxeko programazioaren arabera egokituak; izan ere, Gabonek bertan ere artatuko ditu familiak, eta bi jarduerak egun berean egokitzen direnean, ipuin-kontaketa 20:00etan egingo da, eta gainerako egunetan 19:00etan. Zehazki, 19:00etan izango dira saioak abenduaren 1etik 4ra, 8tik 11ra, 14tik 18ra eta 24an; aldiz, 20:00etan egingo dira abenduaren 5etik 7ra, 12an eta 13an, eta 19tik 23ra. Horrez gain, euria egiten duen egunetan, ekitaldia udaletxeko arkupeetara lekualdatuko da, aurreikusitako ordutegi berbera mantenduz.



