Alkateak Haouse Action foroan aukeztu ditu hirian etxebizitzaren alorrean hartutako erabakiak

Cristina Laborda Irungo alkateak House Action foroaren baitan gaur goizean egin den mahai-inguru batean parte hartu du. Bertan, Irunek etxebizitza babestua sustatzen duen “udalerri eragile” gisa duen funtsezko rola defendatu du. Aldi berean, erakundeen arteko lankidetzaren beharra azpimarratu du, batez ere Donostia bezalako hiriburuek eragiten duten presio metropolitano handiaren testuinguruan.

Irun, etxebizitza babestuaren eredu

Alkatea “Hiriburuen eragina beren eremu metropolitanoan” izeneko mahai-inguruan izan da, David Quirós (L’Hospitalet de Llobregateko alkatea), Candelaria Testa (Alcorcóneko alkatea), Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Amaia del Camporekin (Barakaldoko alkatea) batera. Saioa Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurraldearen Antolamenduko foru-diputatuak zuzendu du.

Labordak nabarmendu duenez, Irunek etxebizitzaren alorreko erabaki garrantzitsuak hartu ditu azkenaldian. Apirilean hiria etxebizitzen merkatuko eremu tentsionatu izendatu zen, eta horri esker, datozen hiru urteetan babes publikoko 1.000 etxebizitza eraikitzeko plan bat abian da, orain arte eraikitakoa halako bi.

Lankidetza eta erantzun bateratuak

Irungo alkatearen ustez, “Presioa metropolitanoa bada, erantzuna ezin du udalak bere kasa eman”. Hala ere, udal-eskumenak errespetatu, mantendu eta bermatu egin behar direla ere adierazi du. Horregatik, erasandako udalerri guztien benetako inplikazioa dakarren lankidetza eskatu du, eta kudeaketa ona ekarpen ekonomikoen bidez saritzeko beharra adierazi du, etxebizitza berrien eraikuntza sustatzeko. “Inguruko biztanle ugari jasotzen ditugu, eta horri aurre egiteko erantzun bateratuak behar ditugu, ez erantzun isolatuak.”, azaldu du Cristina Laborda, Irungo alkateak.

Donostiaren gertutasunak eragin zuzena du Irunen, eta etxebizitzaren arazoak “ez dituela udalerrien arteko mugak errespetatzen” gogoratu du. Izan ere, azken hamarkadan, Gipuzkoako beste udalerri batzuetatik etorritako 5.600 lagun baino gehiago erroldatu dira Irunen, eta horien % 57 Donostialdetik etorriak dira. Gainera, mila biztanle inguru iritsi dira Iparraldetik.

IRUNVI, Erreferente Kudeaketan

Arautzearen alorrean, udalerriek irizpide komunak erabili behar dituztela adierazi du alkateak, zabaltzen ari diren fenomenoei aurre egiteko, hala nola etxebizitzak erabilera turistikora bideratzeari.

Bestalde, Irungo Udalak IRUNVI sozietate publikoaren bidez, duela 25 urte sortua, etxebizitza publikoaren arloan egindako lana aintzatetsi du. David Quirós L’Hospitalet de Llobregateko alkatea Irunen izan zen atzo, IRUNVIren eredua bertatik bertara ezagutzeko, laster martxan jarriko duten antzeko enpresa publiko baterako eredutzat baitauka.

Labordak azpimarratu du Irunek House Action nazioarteko foroan parte hartuta bere eredua erakutsi eta Gipuzkoan duen erreferente rola sendotu duela. “Urteak daramatzagu etxeko lanak egiten, eta irundar familiei beren bizi-proiektua hirian eraikitzeko aukera ematen jarraitu nahi dugu”, esan du amaitzeko.

House Action Kongresua

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatutako House Action kongresua Tabakaleran egin da, eta hogeita hamar hizlari baino gehiago bildu ditu, udaletatik, autonomia-erkidegoetako gobernuetatik edo Europako erakundeetatik etorriak. Hitzordua Isabel Rodríguez Etxebizitzako eta Hiri Agendako ministroak itxi du.

Kongresua Euskadin eremu tentsionatuak abian jarri eta urtebetera dator, analisi fase batetik ekintza koordinatura pasatzeko helburuarekin, Europako eremu askotan dagoen eskari handia eta eskaintza txikiaren arazoari erantzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude