Bi urteren ostean, Urgara Waterpolo Klubak senior mailako emakume taldea berreskuratu du. Aurtengo denboraldia hasi berri dute eta garaipenarekin, gainera, Eibar Urbat taldeari irabazita. Taldearen denboraldiko erronkez hitz egin digute Iraia Oskila eta Claudia Aginagalde jokalariek.
Nolakoa izan da denboraldi hasiera?
Iraia: Ondo. Egia da, ilusioz hartu dugu denboraldi hau, kirola utzi zuten nesken itzulerari esker taldea berreskuratu dugulako. Gainera, garaipen batekin hasteak ilusioz bete gaitu, nahiz eta partidu hasiera apur bat exkaxa izan zen. Galtzen hasi ginen baina azkenean irabaztea lortu genuen.
Bi urteren ostean klubean senior mailako emakumeen taldea berreskuratzea lortu da. Nolakoa izan da prozesu hori?
Claudia: Lehen denboraldian Eibarrekoekin elkartu ginen beraiek ere egoera berdinean zeudelako eta ondo moldatu ginen ligan. Hurrengo urtean ordea, gauzak zaildu egin ziren jokalari nahikorik ez genuelako eta liga elkarrekin ez jokatzea erabaki zen. Orain aurretik izan genuen entrenatzaile bat itzuli da eta berak berreskuratu du proiektua. Luzerako proiektua da, klubaren jarraitutasuna helburu duena.
Iraia: Aurten 18 lizentzia dauzkagu ligan; 12 inguru seniorrak izango gara. Waterpoloko talde batean 13 pertsonek jokatzen dute, tira, 6 jokalari eta atezain bat, baina aulkian ere jendea behar da. Beraz, harrobiko jokalariak oso garrantzitsuak dira eta oso maila onarekin datoz, beraiekin batera lehiatzeko aukera ematen diguna.
“Talde soil bat baino gehiago gara; kategoria desberdinetako taldeak ditugu, hortaz, entrenatu eta jokatu ahal izateko espazioa ere behar dugu”
Iraia Oskila, Urgara Txingudiko jokalaria
Beraz, klubak harrobia bezainbeste behar du senior mailako taldea etorkizuna bermatzeko, ezta?
Claudia: Egia da, txikia zarenean handiak jokatzen ikusteak motibatzen zaituelako. Orain gu gara emakume talde erreferente hori.
Iraia: Gure lehen partidua ikustera etorri ziren denak. Harmaila beteta ikusi genuen eta gainera, asko animatu gintuzten, beraz, horrek asko motibatzen zaitu.
Zeintzuk dira aurtengo denboraldirako ezarritako helburuak?
Claudia: Egia da gure artean aspalditik ezagutzen garela eta elkarrekin jokatzera ohituak gaudela. Jokalariak berreskuratu ditugu eta, beraz, uretan konexio hori mantentzen dugu. Askok pentsatuko dute lehen urtea izateko asmo handiegiak ditugula, baina benetan uste dugu paper ona egin dezakegula ligan. Lehen postuan sailkatzea gustatuko litzaiguke, batez ere igoera fasea jokatzeko, nahiz eta taldea aurten atera.
Zer egin behar duzue igoera fasea jokatu ahal izateko?
Iraia: Ligan 14 talde lehiatuko gara eta horietatik 2 bakarrik gara Gipuzkoarrak, 8 bizkaitarrak dira, 1 arabarra, 2 nafarrrak eta 1 Errioxakoa. Lehenengo fasean talde guztiak elkarren aurka aritzen gara, amaieran erabakitzen da zeinek jokatuko duen igoera fasea. Lehen sailkatua otsailetik aurrera beste liga bat jokatzen hasten da, ligan lehenengo sailkatutako beste erkidegoetako taldeen aurka. Horrela erabakitzen da zein den ligako txapelduna.
Nola aurreikusten dituzue ligako aurkariak?
Claudia: Nire ustez, eta uste dut Iraia ados dagoela, aurkari gogorrenak batez ere Askartzakoak izango dira, hau da, Bizkaitarrak.
Iraia: Oso aurkari zuzenak dira guretzat, sailkapenean oso pareko ibiltzen garelako beti. Leioak adibidez, liga nazionalean ere badu taldea eta Askartza beti igoera fasetik gertu ibiltzen da. Dena den, partidu bakoitza ezberdina da azkenean, eta beraz, ezinezkoa da asmatzea zein izango den emaitza edo nola jokatuko duzun egun horretan.
Horretarako, zer landu duzue aurredenboraldian zehar?
Claudia: Lehen entrenamendua sekulako motibazioa izan zen jendeari uretan ibiltzea ahaztu ez zaiola ikusita. Entrenatzaile berria dugu eta ilusio berezia egiten digu gainera emakumea delako.
Iraia: Entrenamenduak gogorrak izaten ari dira eta intentsitate hori etxera iristerakoan nabari da. Lagapenei dagokienez, Leioakoek atezain bat utzi digute, eta oso pozik gaude. Gero Erasmusean etorri den jokalari berri bat dugu eta abendura arte gurekin jokatuko du.
Waterpoloa kirol gutxitua izanik, are zailagoa izango da nesken taldea osatzea.
Claudia: Lehen aipatutako proiektuaren helburua horixe da, nesken harrobia lantzea eta waterpoloa kirol bezala ezagutaraztea. Waterpoloa igeri egitea eta uretan ibiltzea baino askoz gehiago da, taldeko kirola denez, taldearen parte sentiarazten zaitu. Jendeak hori ezagutuko balu, jende gehiago animatuko litzateke jolastera. Eskoletara ere gerturatzen gara, taldeak sortzen asko lagundu dezakeela uste dugulako.
Iraia: Gipuzkoan gainera emakumezko seniorren 2 talde daude bakarrik, Eibarrekoak eta gu. Donostian ere ez dago, pentsa. Sare sozialak ere oso garrantzitsuak dira eta klubetik lan asko egiten da hori zaintzeko.
“Nire ahizpa klubaren harrobian dago eta berarekin batera partiduren bat jokatzeak ilusio handia egingo lidake”
Claudia Aguinagalde, Urgara Txingudiko jokalaria
Igerilekuak lortzeko ordea, zailtasunak izaten dituzue?
Claudia: Entrenamendu fisikoak lehenago egiten ditugu, baina igerilekuko saioak oso berandu izaten dira, 21:30etik 22:45era. Egia esan, berandu dira. Ulertzen dugu igerileku osoa behar dugula ateak jartzeko eta jokaldiak entrenatu ahal izateko. Txikiek ordutegi hobeak izatea lortu dugu, nahiz eta adibidez, batzuetan haurrek edo infantilek eta kadeteek bi kaleetan elkarrekin entrenatzen duten eta ia ez zaien atea sartzen bertan. Beraz, hirian kirol instalazioetan gabeziak daudela nabari dugu.
Helburu handiak lortu ahal izateko jokaleku egokia izatea ezinbestekoa da.
Caludia: Kirol gutxitua gara, baina gure kuotak ordaintzen ditugu, beraz, espazio eta ordutegi hobeak merezi ditugu. Horrela ere errazagoa litzateke jendea erakartzea.
Iraila: Talde soil bat baino gehiago gara; kategoria desberdinetako taldeak ditugu; hortaz, entrenatu eta jokatu ahal izateko espazioa ere behar dugu.
Zerk egiten dizue ilusio handiena aurtengo denboraldiaz?
Iraia: Galdera zaila da, baina nik uste batez ere disfrutatzea dela garrantzitsuena. Berriro elkartu gara eta gure artean oso ondo eramaten gara. Beraz, ahalik eta urrutien iristea espero dut, baina denboraldia ilusioarekin hartuz.
Claudia: Hori da. Eta denboraldi honetaz gain, hurrengoetan ere taldeak irautea, txikiak handitzerakoan gurekin batera joka dezaten. Nire ahizpa klubaren harrobian dago eta berarekin batera partiduren bat jokatzeak ilusio handia egingo lidake.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



