Azken hamar urteetan Gipuzkoako beste udalerri batzuetako 5.657 pertsona erroldatu dira Irunen; horietako, 3.250 (% 57), Donostia aldekoak. Datu hori jasotzen du IRUNVI Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoak Udaleko Estatistika Bulegoaren datuetan oinarrituz egindako txostenak. Irunen, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu zenetik hamar urtera, frogatu da plangintza eredu berriak bertakoen eta inguruko bizilagunen etxebizitza eskaerari erantzun diola, hiria bizitzeko erakargarri bihurtu baita.
Cristina Labordak House Action nazioarteko kongresuan aurkeztuko ditu txostenaren emaitzak. Bertan tentsio handiko eremuei buruz jardungo dira, Tabakaleran, Eusko Jaurlaritzaren eskuti. Irungo Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu eta hamar urtera ikusi denez, hiri plangintzarako eredu berria bertakoen etxebizitza eskariari erantzuteko gai da, baita inguruko udalerrietan bizi direnenari ere, Irunen bizitzea erakargarria bilakatu baita.
Alkatearen esanetan, datu horrek adierazten du Irunen bizitzearen erakargarria dela eta inguruko udalerrietako biztanleek gero eta interes handiagoa dutela hirian bizitzeko. Cristina Labordak azaldu duenez, “azken batean, etxebizitza merkeagoa da hemen, eta inguru hurbilean baditugu berdeguneak, askotariko zerbitzuak eta komunikazio onak”.
Irun nork bere bizi proiektua garatzeko “hiri eta ingurune erakargarria” dela azaldu du alkateak. Epe luzera begira lan egiten asmatu dutela erantsi du, eta, beste leku batzuetan ez bezala, etxebizitza eskaintza handia dutea. “Izan ere, 2015ean, hirigintza plangintza berri bat onartu genuen, hiriaren hazkundea aurreikusten zuena: lurzoru gehiago, ekimen pribatu zein publikorako”, aipatu du Labordak. Azkenik, alkatearen hitzetan “gainera, apustu horri esker, Irungo inor beste alde batean bizi behar ez izatea lortzen ari gara”.
Bizitoki aldaketa
Udalak apustu handia egin du etxebizitza eskaintza handitzeko, Irungo familiek hirian bizitzen jarraitu ahal izan dezaten: datozen hiru urteetan, babes ofizialeko mila etxebizitza inguru eraikiko ditu, egungoak halako bi, eta, horri esker, neurri handi batean, irundarren etxebizitza publiko eskariari erantzun ahalko dio.
Baionako Kontsulatuak emandako datuen arabera, Iparraldeko 1.008 pertsona ere finkatu dira hirian, aipatutako gipuzkoarrez gain. Alde horretatik, azpimarratzekoa da Errenteriatik etorritakoen kopurua (750), Pasaiakoena (258), Lezokoena (122), Astigarragakoena (44) eta Usurbilgoena (31): Donostiatik etorritako 1.625 pertsonak gehituta, guztira, azkenaldian hirian erroldatu direnen % 57 Donostia aldekoak dira, inguru hartako biztanleria pixkanaka Bidasoa Behererantz mugitzen ari den erakusgarri. Gainera, 1.689 pertsona Hondarribitik etorri dira; udalerri beretik etorrita Irunen erroldatu direnen talderik handiena da hori.
IRUNVIren txostenak irundar berrien auzoz auzoko banaketa ere azaltzen du. Bada, 2015etik hona, Elitxu-Lapitze, Anaka, Katea eta Erdialdea hazi dira gehien. Zehazki, Elitxu-Lapitzek 1.200 biztanle berri baino gehiago ditu, Oñaurreko eta Porcelanaseko bizitegi sustapen berrien eta auzoak, erdialdea eta beste udalerri batzuk ondo komunikatzeko apustuaren fruitu.
“Oro har, azterketaren arabera, Irun bizitzeko leku erakargarria da, eta hazkundea ez da hiriko leku jakin batean metatzen, auzoz auzo banatzen baizik; alegia, hazkundea orekatua da. Hiria hazten ari da, eta plangintza bati jarraituz hazten ari da”, argitu du Labordak.
Bestalde, alkateak gogorarazi duenez, apirilaren 30ean, Irun tentsio handiko eremu izendatua izan zen. Neurri horri esker, etxebizitza merkatua orekatzeko eta eskuragarriagoa egiteko tresna berriak izango ditu Udalak, eta etxebizitza politikak egiteko aukera berriak, hiriko familiak eskatzen ari zaizkionaren ildotik.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra
Alkatearen ustez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra erabaki ona izan zen, eta hiria planifikatzeko tresna eraginkorra: “Epe luzerako prestatu genuen, eta hiriaren hazkundeari aurrea hartzeko eta auzoetako etxebizitza eskaintza orekatzeko aukera eman digu. Gaur egun, hirigintza politika egonkorra dugu, eta, horri esker, proiektuak eta sustapenak etengabe tramitatzen joan ahal izan gara, eta haiek zertu”.
Plan Orokorraren ondorioz, Irunek askotariko etxebizitzak ditu, babestuak zein libreak, eta Irungo familiek hirian bizitzen segi dezakete, eta kanpokoek beren bizi proiektua hemen garatu dezakete. Irundarrentzako sustapen txikiak betiko auzoetan (Katean, Santiagon, Erdialdean bertan…) zein sustapen handiak Porcelanasen, San Migel – Anakan eta Mendipen: hiriak askotariko profil eta beharrei erantzuteko aukerak ematen asmatu du, bizitegi blokeak eta familia bakarrarentzako eta bi familiarentzako etxebizitzak konbinatuta.
“Laburbilduz, hirigintza planifikatu duenean, Irunek bertakoak zein lurraldekoak izan ditu gogoan, biztanleria eta jardun ekonomikoa hazteko eta zerbitzu gehiago eskaintzeko. Horrela, gaur egun, hiri erakargarria dugu, ekipamendu eta zerbitzu onak dituelako, kostatik gertu dagoelako, trenbide eta errepide bidezko konexio onak dituelako eta natur ingurune paregabean dagoelako”.
House Action mahai ingurua
House Action kongresuan, Cristina Labordak “Hiriburuen inpaktua metropoli eremuetan” izenburuko mahai inguruan parte hartuko du datorren asteazkenean, hilak 19, 12:50etik 14:00era bitartean, aurrez aurre erronka bera duten beste udal arduradun batzuekin batera: hirigune handien hazkundea eta horrelakoek inguru hurbilean egiten duten presioa kudeatzea.
Labordarekin batera, L’Hospitalet de Llobregateko alkate David Quirós, Alcorcóngo alkate Candelaria Testa, Errenteriako alkate Aizpea Otaegi eta Barakaldoko alkate Amaia del Campo bilduko dira mahaiaren bueltan, eta, moderatzaile lanetan, Azahara Domínguez arituko da, Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua.



