Badator Herriartekoa!

Doinua: Agur maiteño, gudara noian

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Bi mila eta hamazazpian

joan ginen lehen aldiz

gaur bederatzi urte ondotik

izena eman dugu berriz…

Martxa arindu behar, ordea

gainean daukagu eta

Gipuzkoako Herriarteko

Taldekako Txapelketa!

Talde-izenak aurreko berak:

“Txingudi bat”, “Txingudi bi”

originalak ez dira baina

bai oso baten erdi bi.

Saririk bada talde-izenen

kontu hori gora-behera

guri ematen izango dute

guk hartutako lan bera.

Bi talde, beraz, beren epaile

gai-jartzaile, arduradun

kargu adina parte hartzaile

ez dakit nik badaukagun…

Baina badugu estrategia

erne ibili besteak

atzegoardia zaharrak gara

lehen ilaran gazteak!

Desira bakar bat daramagu

(norberak bereak ditu):

antolakuntza-lanak ez gaitzan

guda zelaian zauritu.

Eta bidean etsairik gabe

lagunik eginez gero,

ezin esango dugu, aizue,

ez genuenik espero…

Eskualdean pare bat saio

Kabigorrin, ahal badugu

lubaki horrek lehendik ere

babestu izan gaitu gu!

Nahi duzuenok egingo dugu

nahiz irabazi, nahiz galdu

saioetara bildu, aditu

eta elkarrekin afaldu.

Estrategia horrekin goaz

zer iruditzen zaizue?

Zatozte gure ondoan ongi

pasatu nahi baduzue!

Data zehatzik ez da oraindik

baina horra azken bala:

postaz helduko zaizkizue guk

haien berri izan ahala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude