BAT kirol eta osasun zentroa bigarren denboraldiko erronkei ekitear da

Bidasoa Atletiko Taldeak iazko azaroan ireki zuen bere kirol eta osasun zentroa Lekaenea kaleko 28. zenbakian. Espazio berri hau kirol jardueraren eskaintza osasun zerbitzu osagarriekin batera emateko asmoz sortu zen. Orain irailetik aurrera ikasturte berriari ekiteko prestatzen ari dira. Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak azaldu digunez, ikasturte berrian jarduera berriak eskainiko dira eta entrenamendu pertsonalizatuetarako monitoreak indartuko dira. Izenematea zabalik dago jada.

BAT zentroa ireki zenetik, eskainitako zerbitzuek oso harrera ona izan dutela azaldu du Ibon Muñozek: “Entrenamendu pertsonaleko saioak izan dira arrakasta handiena izan dutenak, arratsaldez ia ordu guztiak bete baitira”. Horrela, ikasturte berrira begira, eskaintza hau indartzeko monitore berri bat hartu dutela azaldu du BATeko gerenteak, guztira 5 monitore izanda, zerbitzu zabalagoa eskaini ahal izateko.

Kirol jarduera gidatuen kasuan berriz, azarotik aurrera zerbitzua ematen hasi arren, ondo lan egin dute ere. “Ordurako jende askok jada bere kirol jarduerak antolatuak zeuzkan, beraz, datozen urteetan alderdi hau gehiago garatu nahiko genuke”. Horretarako, arrakasta urriena izan duten jarduerak kendu eta eskaintza berrituarekin datoz. Guztira, 4 kirol jarduera berri eskainiko dituzte:  step, aerobic, cardio box eta zumba. “Kirol maila guztietarako egokiak diren ekintzak dira hauek, beraz, monitoreak kirolarien mailara egokituko dira eskolak emateko orduan”, adierazi du Ibon Muñozek.

“Entrenamendu pertsonaleko saioak izan dira arrakasta handiena izan dutenak, arratsaldez ia ordu guztiak bete baitira”

Ibon Muñoz, BATeko gerentea

Uztailean lan egin ostean, abuztuan atsedenaldia hartuko dute BAT kirol eta osasun zentroan, irailetik aurrera ikasturte berriari gogoz ekiteko. Bitartean ordea, jada zabalik dago datorren ikasturteko ikastaro eta entrenamendu pertsonalizatuetan izena emateko aukera. Informazio guztia zentroaren webgunean zintzilikatuta dago. BATeko gerenteak azaldu duenez, “jendeari doako eskola bat eskaintzen diogu aukeratutako jarduera proba dezan”. Gainera, uztailaren 31a baino lehen izen-ematea egiten dutenek, lehen hilabeteko kuotan % 50eko deskontua izango dute.

“Kirol maila guztietarako egokiak diren ekintzak dira hauek, beraz, monitoreak kirolarien mailara egokituko dira eskolak emateko orduan

Ibon Muñoz, BATeko gerentea

Era berean, izena emateko ez da inolako matrikularik ordaindu behar. Prezioei dagokienez, zentrotik azaldu dute eskaintzen duten zerbitzuarekin oso tarifa murriztuak eskaintzeko ahalegin berezia egin dela, edonork kirola egin eta osasuna zaintzeko aukera izan dezan. Erabiltzaileen profila zentroaren eskaintza bezain askotarikoa da.

Datorren ikasturteko egutegi eta ordutegiak antolatuak dauzkagu jada, beraz, jendeari gomendatzen diogu izen-ematea egiteko gehiegi ez itxoitea, zenbait ekintzetan plaza kopurua mugatua da eta”, azaldu du Ibon Muñozek. Izan ere, kirol jarduera gidatuak taldean egiten badira ere, oso talde murritzak dira. “Sei, zortzi edo gehienez, 10 pertsonak osatutako taldeak dira, beraz, ia saio pertsonalizatuak balira bezala da”, gaineratu du BATeko gerenteak.

Kirola osasunarekin uztartuz

Anzaran auzoko zentro hau kirola egiteko espazio bat baino gehiago ere bada. Bertan, Aitor Aldayak fisioterapia, Sara Mariaezkurrenak psikologia eta Ana Grandíok nutrizio zerbitzuak eskaintzen dituzte eta. “Kanpoan bilatu ordez, klubeko atletei, ezagunei eta guregana hurbildu diren pertsona berriei zerbitzu oso eta guztiz pertsonalizatua eskaini ahal izan diegu”, aipatu du Ibon Muñozek. Beraz, ikasturte berrira eta etorkizunera begira, lanean bide beretik jarraitzea da helburua. “Lehenik kirol jarduera zuzenduen taldeak  indartu eta, ostean, entrenamendu pertsonalak jende gehiagorengana eramateko”, adierazi du BATeko gerenteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude