Bidasoa Itzuliaren aro berriak berritasunak dakartza maiatzaren 8tik 10erako lehian

Irungo Udaletxeak 2025eko Bidasoa Itzuliaren aurkezpena hartu du astearte honetan. Cristina Laborda Albolea Irungo Alkateak ongietorria eman eta gero, Borja Olazabal Toro kirol zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkio antolakuntzari beste urte batez lasterketa aurrera eramateagatik. Jorge Garcia Gonzalezek, Bidasoa Itzuliako lehendakari berriak, lasterketaren nondik norakoak azaldu ditu eta, ahaztu gabe, pasa den urtera arte lanean izan den lan taldeari eskerrak eman dizkio.

Hiru etapak

Garciak azaldu duenez aurten ere Bidasoa Itzuliak hiru etapa izango ditu maiatzaren 8tik 10era. Berritasun handian izango dira lehenengo eta bigarren etapetan. Lehenengo etapa Hondarribian lehiatuko da baina herri erdigunea ahaztu eta Guadalupe eta Jaizkibel artean lehiatuko den erlojupeko batek emango dio hasiera Bidasoa Itzulia. Erlojupekoak lehenengo diferentziak markatuko ditu sailkapen nagusian eta hurrengo etapan protagonista zeharo ezberdinak izango dira. Hainbat urteren ostean Irurita eta Bera elkartuko dituen ibilbidean gizon azkarrentzat aukera izango da Beran sprinta lehiatzeko. Ibilbidean Amaiurreko zeharkaldia bi aldiz ageri da eta mendiko sailkapena zabaltzeko Saldiaseko Mendatea igoko da, Malerrekako errepideak berriz ere zeharkatuz.

Azken etapa klasikoak Bidasoa Itzuliako sailkapen nagusia definituko du. Hendaian abiatuko da azken etapa eta Irun igaro ostean irteera erreala Hondarribian emango da. Hortik aurrera hainbat igoera eta mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, Guadalupe, Gurutze (3. Maila), Aritxulegi (1. Maila), Agiña (1. Maila), Piedad (3. Maila), San Martzial (2. Maila) eta Erlaitz (1. Maila) menuko osagaiak izango dira. Zalantzarik gabe etapa erregina izango dena eskalatzaileentzat izango da eta erlojupekoan izan daitezken diferentziei buelta emateko eguna.

18 talde lehian

Hemezortzi taldek parte hartuko dute aurten Bidasoa Itzulian, Euskal Herriko hamaika talde eta atzerriko zazpi talde. Aipatzekoa da aurten hiru bidasotarrek lehiatuko dutela Bidasoa Itzulia: Mikel Irigoien Irazokik (Bera, 2001); Mikel Bermejo Eizagirrek (Irun, 2003) eta Ivan Gomez Yancik (Hendaia, 2006).

Irungo Udaletxera ere hurbildu dira Goizane Alvarez Irijoa Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteri eta Kirol diputatua, Iosu Larrarte Aizpuru Diario Vasco egunkariaren Babesle Arduraduna, Igor Enparan Araneta Hondarribiako Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña Berako Alkatea eta Gorka Urtasun Saldias Baztango Kirol Zinegotzia. Herri ordezkari denek aldarrikatu dute Bidasoa Itzuliak duen garrantzia ibar osoko herriak eta pertsonak modu osasungarrie ta jasangarri baten elkartzeko, Bidasoa baita batzen gaituen (h)ura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude