Otsailarean 13an Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroak egingo dira Palmera Montero Gunean. Bertan BDSKoop Elkarteko Behatokiak AgroTest guneen garrantziaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak aurkeztuko dira.
BDSKoop Elkarteko Behatokian AgroTest guneen eredua aztertu da Ekonomia Sozialaren ikuspegitik, tresna honen balio estrategikoa baieztatuz. Era berean, horrela gune bat Bidasoaldean sortzeko beharrezko osagaiak identifikatu eta baldintzekin kontrastatu dituzte. Ikerketa honek lehen sektorea aktibatzeko eta trantsizio ekosozialerako bide berriak irekitzen dituela ondorioztatzen du. Azterketa osoa behatokia.bdskoop.eus atalean dago eskuragarri.
Palmera Montero gunean egingo den aurkezpenean AgroTest gune bat Bidasoan sortzeko aukerak eta baldintzak azalduko dira. Saioa goizeko 11.00etatik 13:00etara izango da euskaraz, momentuko itzulpen aukerarekin gaztelerara. Hitzaldia Garazi Alkortak emango du, Soziologian graduatua eta Ekonomia Sozialean berezitua dena. Ondorengo hilabeteetan, Foroek beste gai estrategiko batzuk jorratuko dituzte, hala nola Ekonomia Sozialeko Mahaien sorrera eta autonomoen arteko saretzea.
Hilabetez hilabete, ikerketa eta proposamen bakoitza aletzen joango dira Bidasoaldeko ESE Foroetan. Otsailean, bereziki, AgroTest guneek lehen sektorea berraktibatzeko eta belaunaldi berriei aukera errealak eskaintzeko duten potentziala izango da hizpide. Hitzaldiaren ondoren, galderak egiteko eta ekarpenak partekatzeko tartea egongo da.
AgroTest guneak
“AgroTest guneek belaunaldi berriei lurrerako sarbidea eta lehen sektorean ekiteko baldintza duinak eskaintzen dizkietela ”ebatzi du BDSKoop elkarteko Behatoki-ko azterketak. Lehen sektorearen krisia XXI. mendeko erronka nagusietako bat dela identifikatu da: belaunaldi errelebo falta, lurrerako sarbide zailtasunak eta jarduera abiatzeko arrisku ekonomiko handiak dira gaur egungo oztopo nagusiak. Testuinguru horretan, AgroTest guneak tresna eraginkor gisa agertzen dira, nekazaritzan hasi nahi duten pertsonei probatzeko, ikasteko eta egonkortzeko baldintza babestuak eskaintzen baitizkiete.
Behatokiko ikerketak
2024ko martxoan, EHUko Gizarte Ekonomia sailarekin eta GEZKIrekin elkarlanean, BDSKoop Elkarteak trantsizio ekosozialerako Behatokia aurkeztu zuen. Behatokiaren baitan, Behe Bidasoan erronka ekologiko eta sozialei erantzuteko egon daitezkeen aukerak ikertzen eta argitaratzen dira. Aurreko ikasturtean hiru gai landu ziren, eta aurten hirurak aurkeztuko dira Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroetan.



