Gaur, abuztuak 7, Mugan Merkataritza Elkarteak Irunen errotuen dagoen ‘Braderie – Merkatu Kalean’ ekimenaren 40. edizioa jarri du martxan. Udako beherapen garaiari amaiera biribila emateko asmoz, hiriko saltokiek beren produktuak kalera aterako dituzte gaurtik aurrera deskontu bereziekin. Ekimen honek Irungo kaleak dinamizatzea du helburu, herritarrei zein bisitariei udako azken erosketak egiteko aukera eskainiz.
Aurten ere, hainbat sektoretako establezimenduek hartuko dute parte kaleko azoka honetan; besteak beste, moda, oinetakoak, osagarriak, etxea, ehun-gaiak zein altzariak salgai dituzten dendak arituko dira. Produktuak establezimenduen kanpoaldean jarriko dira ikusgai eta salgai, Irungo kaleak outlet estiloko aukerez betetako erakusleiho handi bihurtuz. Ekimenak ez du data muga zorrotzik izango, beherapen berezi hauek saltokietako existentziak amaitu arte egongo baitira erabilgarri.
Beherapenei azken bultzada
Mugan elkartearen arabera, ekimenak helburu bikoitza du: batetik, proposamen hurbil eta erakargarri baten bidez tokiko merkataritzan erosketak egitea bultzatzea; eta bestetik, merkatariei udako beherapen garaiaren ondoren oraindik dendetan geratzen den udaberri-udako stockari irteera ematea erraztea.
Horregatik guztiagatik, Mugan elkarteak herriko saltoki guztiei luzatu die parte hartzeko gonbidapena, urtez urte gertuko merkataritzaren erakargarritasuna sendotzen laguntzen duen kanpaina honekin bat egin dezaten. Parte hartu nahi duten saltokiek info@muganirun.com helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena.



