Diego Martinez tronboi jotzaile irundarra da. Hirian “Luz de Putas” edo Burrunba bezalako taldeetako partaide bezala ezaguna da. Orain, ordea, Modus Operandi ska musika taldearekin “Dantza Gaitezen Hil Arte” diskoa kaleratu berri du. Irundarra taldearen bigarren diskoaren sorrera prozesuaz mintzatu da.
Nondik datorkizu musikarekin duzun harremana?
Irungo ume asko bezala 4-5 urte nituenean Irungo Musika Eskolan hasi nintzen. Adin horietan oraindik benetan ez dakizu musika gustuko duzun edo ez eta ni hasieran nahiko bihurria nintzen. Hamalau urte bete nituenean kalean jotzen hasi nintzen eta orduan ikasi nuen zer zen musika eta zer zen gustatzen zitzaidana.
Irunen musika-talde ezberdinetatik igaro zara, esperientzia hori nabaritzen duzu orain?
Bai, azken finean, praktikatzeko modua da. Hamalau urterekin lagunak batu eta Irungo Atsegiñaren txaranga berreskuratu genuen. Hortik, “Luz de Putas” taldearekin hasteko deitu ziguten batzuei. Burrunbarekin orain dela 5 urte hasi ginen eta, egia esan, oso ondo joan da dena.
Musika festa giroarekin loturik joan ohi da. Nola bizi izan duzu osasun krisialdiak baldintzatutako urte hau?
Burrunbarekin emanaldia Inauterietakoa izan zen. Udaran saio bat izan genuen. Orain Gabonetan Irunen jotzeko aukera lortu dugu. Horiekin ditugun gastuak ordaintzeko dirua biltzea espero dugu. Gastuak estaltzeko dirua lortu arren, egoera guztiz kontrolatu bezain laster gure asmoa kalera eta jai-girora itzultzea da.
Eskuartean beste proiektu bat duzu. Nola iritsi zinen Modus Operandi taldera?
Taldekide ugari ezagutzen nituen eta tronboia behar zutela esan zidaten. Kasu honetan, taldekide bakoitza herri bateko garenez, konplikatuagoa da entseatzeko elkartzea, baina, nola edo hala moldatzen gara. Egoera honetan batez ere, uneoro murriztapen eta arau berrietara adi egon behar gara beti. Iruñean egiten ditugu entseguak eta askatasun gehiago dagoen unetan ahal bezain beste entseatzeko aprobetxatzen dugu.
Egoera ezohikoa izan arren, disko berria kaleratzeko moldatu zarete?
Konfinamendua hasi zenean diskoa ateratzeko lana hasita genuen, beraz, mugikorra eta “Skype” bitartez eman behar izan genituen diskoaren lehen urratsak. Udaran, elkartu eta entseatzeko aukera izan genuenez, gauzak azkarrago egin genituen, errazagoa baita horrela.
COVID-19ak asko baldintzatu du diskoaren sorrera prozesua?
Bai, adibidez, bideoklipa Durangon grabatu genuen eta osasun krisialdiaren bigarren olatu honetan konfinatutako lehen herrietako bat izan zen. Hala ere, beharrezko paper eta baimenak eskatuz lana aurrera ateratzeko moldatu ginen.
Lehenaren ostean, errazagoa da bigarren diskoa ateratzea?
Bai, gainera, gure kasuan taldeak lehen diskoa atera zuenetik oraingora arte taldean hiru partaide aldatu gara, hau da, baxu-jotzailea, bateria-jotzailea eta, ni neu, tronboi-jotzailea. Beraz,taldekideen erdia garenez, aldaketa hori nabaria izan dela uste dut.
Disko berria abenduko hilabetearen hasierarekin kaleratu zenuten. Nolako harrera izan du orain arte?
Momentuz oso harrera ona izaten ari da. Abenduaren 1ean aurkezpena egin genuen Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan. Aurkezpenaren ostean jende asko gurekin kontaktuan jarri da diskoa asko gustatu zaiola esan eta aldaketa nabaritu dutela esateko.
Egoera ezohikoa izan arren, lehen kontzertuak baieztatzea lortu duzue?
Bai, lehen kontzertua urtarrilaren 15ean egingo dugu Bilbon, Santana 27 aretoan. Hortaz gain, beste hiriburuetan kontzertuak eskaini ahal izateko modua bilatzen hasi gara. Ahal bezain beste kontzertu eskaini nahi ditugu, mugikortasun murriztapenen ondorioz, jendeak mugitzeko zailtasun gehiago izango dituela kontutan hartuta.
Osasun krisialdiaren ondorioz SOS Kultura bezalako mugimenduak sortu dira eta zuen taldeak ere mugimenduarekin bat egin du?
Bai, azken finen, egoera guzti honek guri ere eragiten digu. Enpresa gisa, diru sarrerarik ez badago, ez dugu gastuak estaltzeko diru nahikorik. Hala ere, bada gu baino gehiago, egoera honen guztiaren ondorioak benetan sufritzen ari den jendea, esaterako, teknikariak edo kontzertuetan agertokian ikusten ez diren guzti horiek.
Urtea proiektu berri batekin amaitzea lortu ostean, nola begiratzen diozu 2021. urteari?
Egoera honekin zaila da aurreikuspenak egitea. Datorren urtean musika sortzen eta kontzertuak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Orokorrean, jendearen aurrean berriro musika eskaintzeko aukera berreskuratu nahi dugu. Jendearen berotasuna, kontzertuetan askatasunez dantzan egin edo jarraitzaileengana hurbiltzeko aukera faltan sumatzen dira.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen webgunean ikusgai.