Irun, euriari aurre eginez, kolorez eta dantzez jantziko da asteburuan zehar euskal inauteriei esker. Izan ere, hiriko txoko ezberdinetan euskal inauteriekin loturiko ekintzak egingo dira. Egitasmo horiek eraiki dantza taldea, Ibarla Meaka dantza taldea, Txorimaloak soinu taldea, Kemen dantza taldea eta Egoipar Meaka dantza taldeen ekimenari esker gauzatuko dira.
Otsailaren 14an, Larunbat Erdipurdian, Eraiki dantza taldea izango da euskal inauteriekin loturiko ekintzekin abiatzen lehena. Hain zuzen ere, Puska Biltzea egingo dute eta goizeko 9:00etan abiatuko dira San Martzial menditik Bidasoa eta Behobiako baserrietan barrena ibiltzeko. Ibarla Meaka dantza taldea berriz goizeko 9:30etik aurrera ibiliko da Meakako baserrietan barrena. Txorimaloak soinu taldeak Anakako baserrietara gerturako da 10:00etatik aurrera.
Kemen dantza taldeko dantzariak 12:00etan Pio XII plazatik abiatuko dira Euskal Herri-Inauteria egiteko. Serapio Mugica, Juan Arana, Gipuzkoa ibilbidea, Zabaltza plaza, Colón ibilbidea, Foru karrika eta Kale Nagusia zeharkatuta, San Juan plazan amaituko dute. Eguraldia dela eta, euri asko egiten badu, Eguzkitza ikastetxeko aterpean dantzatuko dute.
Igandean gehiago
Otsailaren 15ean, inauterietako igandean, baserri giroko inauteriak hitzordu hirukoitza izango du. Egoipar Meaka dantza taldea goizeko 9:00etatik aurrera Meakako baserrien artean ibilbidea egingo du. Txorimaloak soinu taldea berriz, Landetxako auzora gerturatuko da 9:00etatik aurrera. Azkenik, Kemen dantza taldeko kideek Puska Biltzea egingo dute Olaberriako auzoan.



