Ficobak Antzinako objektu, bilduma eta vintage azoka hartuko du asteburuan

Ficobak antzinako objektu, bilduma eta vintage azoka hartuko ditu asteburuan. 40.000 pieza eta 40 enpresa erakusketari baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 25ean eta 26an, larunbatean eta igandean, egingo den azokan.  Nougrupfiral enpresak sustatzen du Ficobako 2. Pabiloian egingo den Antzinako objektu, bilduma eta Vintage Azoka.

Ficoba “ganbara handi” bihurtuko da, eta azokara hurbiltzen direnek iraganera benetako bidaia bat egiteko aukera izango dute, non antzinateen aditu, bildumazale eta kolekzionistek bisitariak beste herrialde, garai eta sentimendu batzuetara gidatuko dituzten.

«Pozik gaude Antzinako objektu, bilduma eta Vintage Azoka aurkezteaz. Ilusio eta itxaropen handiekin ari gara lanean», azaldu du azoka antolatzen duen Cruz Madrid-ek. «Ficobak Frantziarekin duen gertutasunak leku estrategikoa bihurtzen du, bai antzinako gauzen salmentarako bai publiko askotarikoa erakartzeko: bildumazaleak, zaharberritzaileak eta, oro har, kuriositatez beteriko zaleak».

Ganbara hutsa baino gehiago

Erakusketa soil bat baino gehiago izan nahi du azokak: bildumagintza eta antzinako objektuen mundua hurbildu nahi du publiko orokorrera, zaletasun berriak piztu eta belaunaldi desberdinak elkartu objektuen bidez.

Azokan aurki daitezkeen piezen artean nabarmentzen dira: portzelanak, altzari zaharrak, lanparak, bitxiak, arropa vintage, panpinak, diskoak, txanponak, zigiluak, liburuak, brontzeak, abanikoak, baxera eta kristaleria… 40.000 pieza Ficobako 2. pabiloian ikusgai egongo dira Asturias, Galizia, Salamanca, Madril, Torremolinos eta Frantziatik etorritako erakusketariei esker.

Dekorazio garaikideak gero eta gehiago nahasten ditu pieza modernoak eta elementu zaharrak. Testuinguru horretan, azokak aukera paregabea eskaintzen du espazioei nortasuna eta beroa emango dieten pieza berezi eta bakarrak aurkitzeko.

Saltzeko aukera

Azokak ateak irekitzen dizkie pieza interesgarriren bat saldu nahi duten pertsonei. Objektuaren argazki bat erakustea nahikoa izango da erakusketariek haren balioa aztertzeko eta salmenta baldintzei buruzko aholkularitza eskaintzeko.

Antolatzailea
Antzinako objektu, bilduma eta Vintage Azoka Nougrupfiral enpresak antolatzen du. 10 urte baino gehiagoko esperientzia dute horrelako ekitaldien antolaketan, eta jada beste autonomia erkidego batzuetan ere egiten dituzte halako azokak: Asturias, Burgos, Galizia, Huesca edo Logroñon. Oraingoan Irungo hitzordua hautatu dute, euskal merkatuaren aukerak eta Frantziako merkatu hurbila kontuan hartuta, zeinak tradizio sendoa duen antzinako gauzen eta bildumagintzaren arloan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude