Irunek Euskaraldian parte hartuko du ariketa 11 egunetatik harago luzatuz

Irunek Euskaraldiaren edizioan parte hartuko du maiatzaren 15etik 25era. «Elkar mugituz egingo dugu» lelopean, Euskara zerbitzuak antolatu du programa, hiriko zenbait erakunde, auzo-elkarte eta norbanakorekin elkarlanean. Cristina Laborda hiriko alkateak eta Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak agerraldia egin dute Irungo udaletxeko areto nagusian, eta hiriaren luze-zabalean antolatu diren jarduera guztiak aurkeztu dituzte.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «aurtengo leloak dioen moduan Euskaraldiak euskaraz hitz egin, entzun eta bizitzeko bulkada izan behar du guztiontzat. Ez da ospatzea bakarrik, ekiteko dei bat ere bada, eta aukera bat, pertsona guztiek urrats bat egin dezaten euskara erabiltzeari eta ikasteari dagokionez».

Bestalde, Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak gaur aurkezten den programaren atzean dagoen lan handia aipatu du: «Euskara zerbitzuan hilabeteak daramatzagu askotariko eragile sozialekin lanean aurtengo Euskaraldia prestatzeko, euskara sustatzeko hizkuntza ohituren aldaketa auzoetan bertan jaio behar dela ulertuta. Gure hizkuntzaren erabilera urte osoan zehar landu beharrekoa da, Irun ere euskalduna delako, Irunen ere euskara ulertzen eta hitz egiten duten pertsonak daudelako eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako».

Jarduerez beteriko hilabetea

Hirian antolatu den jarduera programa ostegun honetan hasiko da, maiatzaren 1ean, Larreaundiko jaigunean jarriko den informazio postu batekin (eguerdiko 12:00etan). Jarduera bera egingo da hilaren 2an eta 3an. Maiatzaren 15ean izango da aurkezpen ofiziala, ostegunarekin, eta ordura arte zenbait ekintza egingo dira: Irungo AEK-k antolatutako hika ikastaroa edota kantu eta dantza bira bat Pio XII.ean eta Zabaltza, San Juan eta Urdanibia plazetan maiatzaren 10ean, larunbatarekin, Nabartenea eta Lagun Artean elkarteen eskutik. Egun horretan beran, euskaraldiaren karpa ibiltaria Urdanibia plazan izango da (17:30etan) eta, gainera, maiatzaren 13an (asteartea) escape room bat antolatu da Oiasso museoan, udal euskategiko ikasleei eta Bidasoaldeko ESIko mintzalagunen taldekoei zuzenduta.

Euskaraldia abiarazteko ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da Zabaltza plazan, 19:00etan. Bertan, beste sorpresa batzuen artean, Anjel Mari Peñagarikano, Josu Telleria eta Amaia Agirre bertsolariak arituko dira, eta Auntxa Trikitixa Eskola eta Pauso-K taldeek joko dute. Gainera, euskaraldiaren hasierako hamaikakoa aurkeztuko da.

Euskaraldia maiatzaren 25era arte luzatuko, orduantxe egingo baita Zabaltza plazan itxiera ekitaldia, eta ordura arteko programa osoa udalaren webgunean kontsultatu daiteke.

Ahobizi eta belarriprest

Aurreko urteetan bezala, Ahobizi edo Belarripresten rolaren bidez parte har daiteke Euskaraldian, baita Ariguneak sortuta ere. Izen-ematea banakoa da, eta maiatzaren 15ean ariketa martxan jartzen den arte egongo da zabalik www.euskaraldia.eus atarian. Ahobizi eta belarripresten txapak udal euskaltegian banatuko dira astelehenetik ostegunera, 10:30etatik 13:30etara eta 16:30etatik 19:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude