IZENBURUA: Idatzi beharra dut

DOINUA: Idatzi beharra dut

EGILEA: Rafael Rodrigo

1)

Idatzi beharra dut,

hau bai tormentua,

ezin dut hautatu zein

den argumentua.

Iritsi zait berriro

azken momentua,

oraindik gairik gabe,

hau fundamentua!

2)

Gaur izan nahiko nuke

behingoz alaikorra

gaur ez zait okurritzen

ezer ez baikorra,

zorionen larrea

guztiz da lehorra,

hobe dut isiltzea

eta jo danborra.

3)

Danborrarekin goaz

suabe-suabe,

argi da ez naizela

Bernat Etxepare.

Falta zaizkit oraindik

bi, hiru zutabe,

jada sorta erdian

baina gairik gabe.

4)

Non gaude? Ez dezagun

gal gaurko haria,

zuk aurkitzen baduzu

zuretzat saria.

Esan gabe hitz egin,

ze kalakaria!

izan ahal nintzake

lehendakaria.

5)

Konprometitu nintzen

zerbait idaztera,

sorta bat bidaltzeko

Irunabarrera.

Berriz gerturatzean

zerbait eskatzera,

jarriko naiz begira

beste nonbaitera.

6)

Ezin dugu ukatu

handiesten dala

gehiegitan adimen

artifiziala.

Gaurko sortan argi da

arma bat dudala:

nire ergelkeria,

guztiz naturala.

7)

Bertsoak idazteko

txanda zen berriro

ikusten duzuenez

maila ez da igo.

Falta da sinadura,

jartzen da aldiro,

nirea hauxe duzu:

Rafael Rodrigo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude