Erreferenteak matematiketan

Doinua: Zazpiak oihal batetik

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)

Erreferente bat izateak

egiten digu mesede:

Pitagoras, Gauss, Euler, … badira

gizonen hamaika lege.

Emakumeek ez zuten arren

merezi beste botere,

erreferente asko badaude

matematiketan ere.

2)

Hipatiak zer ekarri ote

zuen Alexandriara?

aurrerapausu asko algebra

eta astronomiara.

Irakaskuntzan ere zabaldu

zuen bere lan ilara

ezagutzen den lehen emakume

matematikaria da.

3)

Agnesik egin zuen lotura,

gaztea zela artean,

algebra eta ekuazio

diferentzialen artean;

Noski, kalkulu dibulgazio

lanak egin bitartean.

Behar du toki diferentzial bat

gaur egungo jendartean.

4)

Kovaleskaiak egindakoez

ote gara jakitunak?

Cauchy-ren lan bat hobetu zuen

Sofiaren erantzunak;

definituta utzi zituen

Saturnoren eraztunak.

biak izenak eta lorpenak

izan bitez ezagunak!

5)

Emmy Noetherren lana algebra

abstraktuan aitzindari;

Teorema bat badu berea

zabaldua munduari.

emakumea zenez igaro

arren zailtasun ugari

pasio handiz bizitza eman

zion matematikari.

6)

Katherine Johnson famatu zuen

bere NASAko karrerak

orbitetako mekaniketan

zenez erreferente bat.

Ilargirako ibilbidea

kalkulatu zuen berak;

ea gai garen aireratzeko

orain bere ibilerak.

7)

Ikertu eta zabaldu ditu

ipini arte ulergai

geometria, topologia

eta beste hamaika gai.

Marta Machoren bizitza bera

dagoenez zientziaz blai,

matematika bultzatuz dabil,

berdintasuna ere bai.

8)

Mary Somerville zein Sophie Germain,

Mirzakhani ere berdin,

matematika landu zutenak

hori baitzuten atsegin.

Etiketetaz ahaztu eta

ilusioa jaregin:

lehen baziren, orain badira, …

zuk zer nahi zenuke egin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude