Irun izango da Errugbiko Euskal ligetako finalen egoitza maiatzaren 20an

Bost partida jokatuko dira: 16 urtez azpiko eta 18 urtez azpikoak, emakumezko eta gizonezkoen seniorrak eta Bultza liga inklusiboko kategoriakoak

Irungo Plaiaundi zelaia izango da errugbiko euskal ligen hurrengo finalen egoitza. Partiduak datorren maiatzaren 20an, larunbata, jokatuko dira. Euskadiko Errugbi Federazioa eta Txingudi Rugby Kluba elkarlanean lanean aritu dira azken hilabeteotan, denboraldiko hitzordu nagusietako bat Bidasoaldean joka dadin.

Guztira, maiatzaren 20an Irungo instalazioetan bost final jokatuko dira guztira, 16 urtez azpikoen, 18 urtez azpikoen, emakumezkoen seniorren, gizonezkoen seniorren eta Bultza liga inklusiboko kategoriakoen artean. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Errioxako eta Iparraldeko 72 taldek parte hartu dute dagozkien ligetan (18 senior gizonezkoetan, 14 emakumezkoetan, bost Bultza Ligan, 15 18 urtez azpikoetan eta 20 16 urtez azpikoetan) eta finalistak laster ezagutuko dira.

Iñaki Alberdik, Txingudi Rugby Clubeko presidenteak, oso positibotzat jo du ekitaldi hau: “Espero dugu gure eskualdera jende asko ekartzea, eta espero dugu eguraldi ona egitea dena bikain ateratzeko”. Bestalde, Iñaki Rica Euskadiko Errugbi Federazioko presidenteak gaineratu duenez, “gure helburua Txingudi Rugby Clubari babesa ematea da, eta eskerrak ematen dizkiogu ekitaldi honen antolaketaz arduratzeagatik”. Prentsaurrekoan Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Bazkundeko presidenteak ere parte hartu du. Azpimarratu duenez, “ekitaldi garrantzitsua da eta dena ondo ateratzea eta errugbiaren jaia izatea nahi dugu”.

Aurreko denboraldian Euskadiko Errugbi Federazioak kategoria guztietako finalak egoitza bakar batean biltzeko erabakia hartu zuen, Elorrion jokatuz. Antolatzaileek positibotzat jo zuten ekitaldia, eta aurten jarraipena eman nahi izan diote, Txingudi Rugby Kluba izango baita, federazioarekin batera, final horien antolatzailea. Berritasun gisa, ikasturte honetan Bultza Ligako finala sartuko da hitzorduan. Hainbat gaitasun dituzten pertsonak kirol-jardueran integratzera bideratuta dago, adinaren eta sexuaren arabera sailkatu gabe.

Ion Insausti Bultzako kideak azpimarratu nahi izan du “guretzat oso garrantzitsua dela eta oso pozik gaudela oztopoak gainditu eta neska-mutilek elkarrekin jolastu dezakegulako, desgaitasunarekin edo desgaitasunik gabe”.

Txingudi Rugby Klubak finalak hartzeko erronka hartu du bere gain; izan ere, oinarri soziala eta gaitasun nahikoa du hain ekitaldi garrantzitsua antolatzeko, Bidasoaldean errugbia zabaltzeko eta sustatzeko lanean aurrera egiten lagunduko baitu, eta, horrela, euskal errugbiaren erreferente izango da. Maiatzaren 20ari begira, kirol honen balioak (anaitasuna, elkartasuna, talde-lana eta errespetua) aplikatzen dituzten hainbat gizarte-erakunderekin lanean ari da kluba.

Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol Ordezkariak nabarmendu du “garrantzi handia duela gizonezkoen finalez gain emakumezkoen finalak eta final inklusiboak ere ospatzeak. Errugbi inguruko kirol festa handia izan daiteke”.

Maiatzaren 20an Plaiaundin jokatuko diren partidak internet eta telebista bidez jarraitu ahal izango dira. Txingudi Rugby Tabernan bost kategorietako final guztiak ikusi ahal izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude