Pantaila erraldoia jarriko da Sarjia parkean Judelinen kontzertuaz gozatzeko

2025eko Sanmartzialak jaien azken txanpan sartu dira. Parte hartze handiko beste asteburu berri baterako prestatzen ari da Irun -ekaineko hilabete honetan laugarrena jarraian- bi musika hitzordu nabarmenekin: Ladilla Rusa, ostiralez, eta Judeline, larunbatez, Udalak antolatutako jaietako programazioaren barnean. Bi kontzertuetan, doan izango dira, jendetza bilduko dela aurreikusten da, batez ere Judeline abeslariaren kasuan, beraz, pantaila erraldoiak jarriko dira Sarjia parkean, bertaratzen direnentzat esperientzia bikaina bermatzearren.

Judeline, cadiztar gazte abeslari bat da, musika panoraman indarra hartzen ari den izar berria, 2025eko Coachella jaialdian parte hartu zuenetik. Sonora eszenatoki enblematikoan debutatu zuen, artista espainiar bakarra izan zelarik, eta publikoa irabazi zuen pop esperimentala, elektronika eta sustrai flamenkoen fusioa eskainita. Irunez aparte beste bi doaneko kontzertu ditu programatuta, bat Madrilen eta bestea A Coruñan.

23:00etan igoko da Judeline Urdanibia plazako eszenatokira Rico Rosa eta Susok lagunduta, eta asteburuko kontzerturik garrantzitsuena izango dela uste da. Aipatu beharra dago, ordu berean, 23:00etan, Jamaica Show orkestak San Juan plazan joko duela, beraz, larunbat gaueko musika eskaintza askotarikoa eta publiko mota guztientzako egokia izango da.

Lehenago, ostiralean, ekainak 27, Ladilla Rusa igoko da eszenatokira eta 23:00etan kontzertua emango du Urdanibia plazan. Ladilla Rusa elektro-pop eta runba urbano estiloko musika-bikotea da eta Bartzelonatik dator. “Charnego pride musical” gisa katalogatutako estilo lotsagabe eta umoretsuarekin, uda honetan beste bi eszenatokitan doako emanaldi batzuk eskainiko ditu, alegia, Sanferminetan eta Alcalá de Henaresko ferietan.

Gaztegunea

Ekainaren 27an, jarduera pila bat egongo da Gaztegunearen karpan, Santiago auzoko Euskal Jai pilotalekuan jarri den karpan, hain zuzen. Street Scape bat, dantza akademien flashmoob bat edo dantzako masterclass bat izango dira karpa horretan emango diren kontzertuen atariko ekintzak. 20:00etan Fane izango da, 21:00etan Kiliki eta, 22:30etik aurrera, Asier Burgete DJarekin diskofesta.

Ekainak 28

Ekainaren 28an, larunbatez, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna denez, goizeko 11:30ean San Juan plazan Aparraren Jaia egingo da.

Egun horretan, beste kirol eta kultur ekintzen artean, irrati-afizionatuen erakustaldia, plater-tiroketa txapelketa, San Martzialetako Trinket torneoaren finalak edo larunbat goizeko San Martzialeko igoera atletikoa aurreikusten dira, horiei guztiei Palmera Monteron egingo diren haurrentzako jolasak batuz.

Arratsaldez, Erraldoiak eta Buruhandiak azkeneko aldiz irtengo dira Alberto Anguera plazatik, Irungo Atsegiñako Erraldoiak eta Buruhandiak, Irungo Txistulari taldea, Ondare Kultur Elkarteko Erraldoiak eta Buruhandiak eta Peña Poteo txaranga ibiliko dira kaleak girotzen.

18:30ean fokuak berriz ere Santiagoko Gaztegunean jarriko dira, non beste street escape bat egingo den, eta horrez gainera, sukaldaritza tailer bat ere bai, gaueko kontzertuak hasi baino lehen. 21:30ean Potzons DJaren txanda izango da eta 22:00etan, Maria Escarmiento ariko da.

San Pedro eguna

Azkenik, ekainaren 29an, igandez, San Pedro eguneko ekitaldiek izango dute protagonismo berezia, eta goizeko zortzietatik hasita San Pedro eguneko Diana interpretatuko dute hiriko hainbat puntutan. Ondoren, 10:45ean, udal korporazioaren komitiba irtengo da eta Junkaleko parrokiako plazatxoraino joango da. Han, aurreskua dantzatuko dute. 12:30etan San Pedro eguneko tradiziozko kontzertua eskainiko da udaletxeko arkupetan, Irun Hiria Musika Bandaren eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude