Ekainaren 21ean, larunbatean, San Juan Arri Haur Danborrada Irungo kaleak zeharkatuko ditu danborrak astinduz, Santiagoko Deabruak elkarteak antolaturik . Alberto Anguera plazan hasiko du ibilbidea haur danborradak, San Juan plazan amaitzeko. 2017. urtean edo lehenago jaiotako haurrek parte hartuko dute bertan. Haur danborrada prestatzeko 3 entsegu egingo dira, ekainaren 18an, 19an eta 20ean.
Larunbatean haur danborrada arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Alberto Anguera plazatik. San Juan Harri plazara bitarteko bidea egingo dute, Lepanto, Oiartzun eta Hondarribia kaleetan, Colón ibilbidean, Txanaleta plazan eta Foruen Karrikan barrena, Jostaillu Txarangarekin batera girotuta.
Izen emate eta entsegua
2025eko San Juan Arri haur danborradan parte hartu nahi dutenek, galdetegi hau bete beharko dute. Gainera, danborrada prestatzeko 3 entsegu egingo dira guztira. Ekainaren 18an, gaur, 19an eta 20ean egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara Santiagoko Deabruak elkartearen egoitzan, Arbesko Errota kaleko 16 zenbakian.
Binakako puzzle lehiaketa
Ekainaren 22an, igandean, berriz, XIX. Binakako Puzzle Lehiaketa egingo da. Uranzu frontoi txikian izango da. Goizeko 11:00etan 8 eta 16 urteko haur eta nerabeak lehiatuko dira bi kategorietan banatuta: 8-11 urte bitartekoak eta 12-16 urte artekoak. Arratsaldeko 16:30etik aurrera aldiz, 17 urtetik gorakoak.
Aldez aurretik izen ematea egitea gomendatzen da, elkartearen sare sozialetan aurkituko duzun QR kodea erabiliz. Dena den, izen ematea lehiaketaren egunean bertan ordainduko da, lehiaketa hasi baino ordu erdi lehenago. Haur bikotearen izen emateak 5 euro balio ditu eta helduenak 10 euro.



