Irungo jaiak hasteko 3 baino gutxiago falta direnean, Sanmartzialekin zerikusia duten hainbat eskaera egiteko epea ireki da. Zehazki, jaietan txosna izan eta 2025eko San Pedro eta San Martzialetako kontzertuetan talde nagusien aurretik jotzeko eskariak egin daitezke. Bi kasuetan, eskaerak aurkezteko epea martxoaren 31ra arte zabalik egongo da. Eskaerak Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.
Txosnen eskaera
Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, martxoaren 31ra arte aurkez daitezke 2025eko San Pedro eta San Martzial jaietan Urdanibia plazan txosna jartzeko eskaerak. Postuetan edariak eta ogitartekoak bakarrik saldu ahalko dira, ekainaren 14tik uztailaren 1era, bi egun horiek barne, eta gehienez ere sei baimen emango dira, zozketa bidez.
Honako hauek parte har dezakete deialdian:
- Kultur edo kirol arloko irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteek, aisialdikoek eta entitate eta elkarte sozialek, eskakizun hauek betetzen badituzte betiere:
- Indarreko legediaren arabera eratuak izatea eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erregistroan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea
- Egoitza soziala Irunen izatea
- Eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan gutxienez Irunen jardun izana
Bi erakundek edo gehiagok eskaera bakarra aurkeztu ahalko dute, aipatutako baldintzak guztiek betetzen badituzte betiere.
- Irungo ikastetxeetako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko institutuetako eta Helduen Hezkuntza Ikastetxeko ikasleek
*Ikastetxe bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahalko du.
- Beste pertsona fisiko edo juridiko orok
Onartzen diren eskaeren behin-behineko zerrenda eta baztertzen direnena apirilaren 2an argitaratuko dira, eta zozketa apirilaren 8an egingo da, Amaia KZko hitzaldi aretoan, eskatzaile bakoitzaren ordezkari bat bertan dela.
Erakunde interesdunek Irungo Udalaren egoitza elektronikoan aurkez ditzakete eskaerak.
Hasierako taldeen kontzertuak
Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, bertako taldeek martxoaren 31ra arte aurkez ditzakete 2025eko San Pedro eta San Martzialetako kontzertuetan talde nagusien aurretik jotzeko eskaerak. Kontzertuak ekainaren 21ean eta 23an izango dira, Urdanibia plazako agertokian.
Baldintza hauek bete beharko dira aukeraketan parte hartzeko:
- Taldekideen % 50 Irunen erroldatuta egotea
- 60 minutuko errepertorioa bermatzea
- Ekainaren 21ean arituko den taldeko kideen % 70 18 eta 25 urte artekoak izatea
Eskaera, inskripzio orriarekin eta dagokion dokumentazio osagarriarekin batera, Irungo Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu behar da.



