Ohi bezala, udalkideak, Gazteriako ordezkari Sandra Caballero zutela buru, IrriSarri Land abentura parkean udalekuetan dauden haurrak bisitatzen izan dira, ingurune paregabe batean, Igantzin, Nafarroako iparraldean. Guztira, 2009 eta 2017 artean jaiotako 300 haur eta nerabek parte hartu dute udalekuen aurtengo edizioan, astebeteko sei txandatan banatuta. Hain zuzen ere, udalekuen 56. edizioa da aurtengoa: 1968tik aurrera antolatu dira, formatu eta leku desberdinetan.
Ordezkariaren esanetan, “Udalak antolatzen dituen udalekuak aisialdirako aukera berdingabea dira etxeko txikientzat. Zerbitzuak tira handia eta oso harrera ona du herritarren artean, eta, urtero, toki guztiak betetzen dira; arrakasta ezin ukatuzkoa da. Udalekuak esperientzia ahaztezina dira haur irundarrentzat, dibertitzeko aukera ematen baitiete eta, aldi berean, beren garapen pertsonalerako gai garrantzitsuak lantzen laguntzen, hala nola autonomia, bizikidetza, enpatia, talde lana eta berdintasuna. Gainera, leku ezin hobe batean egiten dute hori guztia, naturarekin harremanetan”.
Udaleko ordezkariek aurtengo seigarren eta azken txandako parte hartzaileekin hitz egin dute: 2012 eta 2014 artean jaioak dira, eta abuztuaren 1etik 7ra daude Igantzin. Gainera, IrriSarri Landeko instalazioetan ibili dira, eta bertatik bertara ikusi dute nola doan programa eta zer-nolako jarduerek osatzen duten.
Guztira, 2009 eta 2017 artean jaiotako 300 haur eta nerabek parte hartu dute udalekuen aurtengo edizioan, astebeteko sei txandatan banatuta, 50eko taldeetan alegia. Hain zuzen ere, udalekuen 56. edizioa da hau: 1968tik aurrera antolatu dira, formatu eta leku desberdinetan.
AbenturaERO
Gainera, aurten, AbenturaERO udaleku irekiak ere antolatu dira, etxetik kanpo astebete eman nahi ez zuten haurrentzat: jarduera irekiak eta gaualdi bat, 80 haurrentzat, lau txandatan; aurreko urteetan baino hogei toki gehiago eskaini dira, alegia.