Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean, datorren larunbatean, hilak 25, udaletxea ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu dira. Jardueraren helburua hiriko ondare historikoaren balioa erakustea da. Lehenengo bisita 11:00etan izango da euskaraz, eta bigarrena 12:00etan gaztelaniaz. Bisitak doan izango dira, ordubete inguru iraungo dute, eta San Juan plazan hasiko dira.
Parte hartu nahi dutenek 943 020 732 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena, edo turismo bulegora jota, Luis Marianora.
Irungo udaletxea
Udaletxea Irungo eraikinik enblematikoenetako bat da, eta udalerriaren azkenaldiko historian funtsezkoak izan diren gertakari ugariren lekuko izan da. Bisitan parte hartzen dutenek eraikineko gela nagusiak ikusiko dituzte, eta xehetasun historiko eta arkitektonikoak entzun.
Irungo udaletxea estilo barrokokoa da. 1756an hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.a zela errege, eta 1763an inauguratu zen, Karlos III.a zela errege –haren bustoa ageri da ate nagusiaren gaineko medailoian–. Obra Felipe Crame ingeniariak proiektatu zuen, Donostiako gotorlekuko komandanteak. Orduan, Domingo de Olazábal y Ramerí zen Udal Kontzejuko burua, Arantzateko jauna eta, behin Irun Hondarribitik behin betiko independizatuta –hiriak 1766an lortu zuen independentzia–, Irungo lehenengo alkatea.
Historia instituzionalaz gain, bisitaren barruan, elementu arkitektoniko eta artistiko aipagarriak ezagutaraziko dira, hala nola beirateak, sarrerako kanoiak eta Udalaren pinakoteka, interes historiko eta artistiko nabarmeneko obrez osatua.
Bisita birtuala
Bestalde, duela gutxi, Udalak udaletxearen bisita birtual bat jarri zuen martxan, bere webgunean. San Juan plazatik bertatik abiatzen dena. Eraikina edozein gailutatik ikusteko aukera ematen du, eta udaletxeko arkitekturari, artelanei eta ondasunei buruzko informazio interaktiboa ematen du.