‘EKICC’ proiektu profesional eta kulturalak bultzatzeko programaren itxiera hartuko du bihar CBAK

Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi du bihar, hilak 10, asteartea, kultur eta sormen industrietako profesionalei (KSI) eta enpresa txikiei laguntzeko EKICC programak itxiera saioa egingo dela CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Topaketa 17:00etan hasiko da, eta programako parte-hartzaileak eta Euskadiko hainbat tokitako kultura-eragileak bilduko dira bertan.

Gogoeta kolektiboko dinamika batean parte hartuko dute, “Zer behar dute Euskadiko KSIek?” galderarekin. Saioa Juan Pastor Bustamantek eta Nerea Kortabitartek moderatuko dute, eta bertan izango da Nuria Alzaga, lehenengo alkateorde eta Irungo Udaleko Kultura ordezkaria, ekitaldiaren amaiera eta topaketaren ondorio nagusiak partekatzeko.

Nabarmendu behar da ekimen honek funtsezko gaitasun batzuk eman dizkiela parte-hartzaileei kudeaketan, berrikuntzan, komunikazioan, digitalizazioan eta finantzaketan, beren proiektuak arrakastaz aurrera atera ahal izan ditzaten. Programak lau saio izan ditu, urria eta azaroa bitartean garatuak. Horietan, besteak beste, gai hauek jorratu dira: negozio-eredu berritzaileak, komunikazioa, digitalizazioa eta adimen artifiziala, eta funtsak finantzatzea eta erakartzea.

Tokiko kultura ardatz

Ekimen honen xedea, martxan dauden beste programa askorena bezala, Irungo ekosistema sortzailea sendotzea izan da, CBA kultura sortzeko erreferentziazko gune gisa finkatuz, eta prestakuntza, tutoretza eta laguntza programen bidez bertako kultur proiektuak sustatuz.

Ekimenaren izena, EKICC, “ekin” hitzaren eta ICC akronimoaren (industria kulturalen eta sorkuntza industrien gaztelaniazko siglen) batura da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude