Bidasoa Irun txapeldunorde izan da Torrelavegan

Bidasoa Irun Torrelavegako Udalaren XI. Txapelketan txapeldunorde izan da, finalean Abanca Ademar Leonen aurka galdu eta gero (21-22). Berdintasuna izan da nagusi neurketak iraun dituen 40 minutuetan, eta Leongo abantailei Marko Jevticek eta Julen Mujikak ezarritako abantailekin erantzun die Irungo taldeak. Atsedenaldiko 10nako berdinketaren ostean, bigarren 20 minutuak bide beretik izan dira, leondarren errenta txikiei gipuzkoarrek erantzunez. Lagunartekoa horrelaxe iritsi da azken segundotara, bidasotarrek berdintzeko baloia eskutan, baina markagailua 21-22koan gelditu da.

Finalaurrekoa

Finalaurrekoan izandako neurketa hasiera bikainari esker, Bidasoa Irunek garaipena lortu du Viveros Herol Navaren aurka. Lehen 11 minutuetan landutako 7-2ko partzialak defentsa lan apartak, Jakub Skrzyniarzek atepean egindako lanak, eta Dariel Garciak (3), Iñaki Caverok (2) eta Julen Mujikak (2) sartutako zazpi golek abantaila esanguratsua eman diote talde gipuzkoarrari. Hala ere, segoviarrak 13-12ra hurbildu dira bigarren zatiko seigarren minutuan (neurketako 26. minutua), baina talde horiak azken ordu laurdenean emandako erantzun sendoak (11-6ko partziala) finalerako txartela bermatu du, behin betiko 24-18 emaitzarekin.

Bidasoa Irunen hurrengo eta azken lagunartekoa datorren ostiralean izango da, Pauen, Billère taldearen aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude