Bidasoa Irunek Egiako bigarren Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa jarraian eskuratu du finalean Helvetia Anaitasuna mendean hartuta (32-30). Lehen zatia bidasotarren alde txikiarekin hasi da, Helvetia Anaitasunak 10. minututik gertu konpondu duelarik (5-6). Une horretatik aurrera, aldeko bi tantoko partzialak tartekatuz joan dira bi taldeen artean, baina lehen 30 minutuen amaieran lortu dute nafarrek berdinketa haustea eta atsedenaldira bi tantoko aldearekin joatea (15-17).
Bigarren zatiaren hasiera ikaragarria izan da talde irundarraren aldetik. Jacobo Cuétararen taldea, 4-0eko partzialarekin (19-17), aurretik jarri da, eta abantaila hori ozta-ozta askatu dute azken txistua jo arte. Bidasotarrek 52. minutuko 27nako berdinketara arte mantendu dute aldea, baina Mujika eta Pachecho bikain aritu dira erasoko arean, eta garaipena horia izan da Egiako torneoa irabazteko. Limoges Handball hirugarren izan da BM Logroño La Riojari irabazita (22-29).
Egiako 28. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketako finala, Donostiako Egiako Polikiroldegian jolastu da 400 zaleen aurrean. Bidasoa Irun taldearen denboraldiaurreko bosgarren lagunartekoa izan da.
Bidasotarrak datorren larunbatean itzuliko dira lehiara, Torrelavegan jolastuko duten txapelketan bertako taldea, Balonmano Nava eta Abanca Ademar Leónen aurka.