Gaur Erdialdeko haurtxokoan emandako prentsaurreko batean Irungo Udaleko Gazteria Arloko ordezkari Nuria Alzagak, Gazteria Arloko arduradun Irati Redondok eta Txiribuelta elkarteko kide Carlos Subijanak jakinarazi dutenez, hastear da 2023-2024 ikasturtean Irungo Haurtxokoetan aurrez izena emateko epea.
Irungo haurtxokoen sarea, familiei kontziliatu eta moldatzen laguntzeko ez ezik, 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurren abilezia sozial, kultural eta artistikoak sustatzeko sortu zen, eta, horretarako, askotariko jarduera, tailer eta irteerak antolatzen ditu.
Beti bezala, astelehenetik ostiralera bitarteko programaz gain, ikasturtean zehar familia osoarentzako beste proposamen batzuk egingo dira, larunbat goizetan, Familia ta Lagun eta Sormen Tailerrak programen bidez.
Gazteriako ordezkariak adierazi duenez, “badakigu batzuetan zaila izaten dela familia eta lana bateragarri bihurtzea. Horregatik, Irungo Udalak, besteak beste, hiriko haurtxokoen sarea jartzen du familien eskura, gurasoei kontziliatzen laguntzeko eta haurrei beren sormena sustatzeko eta ikaskideekin sozializatzeko jarduera ludikoak eskaintzeko”.
Aurten, lehenengo aldiz, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki eskainiko dira, Udalaren haurtxokoen sarean parte hartu nahi duten familien eskariari erantzuten hasteko. Guztira, 363 toki eskainiko dira.
Gazteriako ordezkariak nabarmendu duenez, “Irungo Udalak arreta inklusioan jarrita lan egiten du. Horregatik, aurten, lehenengo aldiz, hiriaren beharrak kontuan izanik, behar bereziak dituzten haurrek baliabide hau erabili ahal izateko eta beren beharren araberako arreta jasotzeko zenbait toki gorde ditugu”.
Bost haurtxoko
Irungo haurtxokoen sarea bost zentrok osatzen dute: Lapitzeko haurtxokoak, Katekoak, Txikilab-ek (Palmera-Monteroko haurtxokoak), Etxaldeak eta Erdialdeko haurtxokoak. Erdialdeko haurtxokoa, zehazki, otsailean zabaldu zen, eta hura ireki izana, 2022ko abenduan Artiako gazteleku berria martxan jarri izanarekin batera, Irungo Haur eta Nerabeen 2021-2024 aldirako Planaren barruko jarduera nagusietako bat da. Hain zuzen, Irungo haur eta nerabeen heziketa eta aisialdirako udal ekipamenduen estaldura handitu eta kualifikatzea xedatzen du Planak.
Aurreko ikasturteetan bezala, bost haurtxokoetako jarduna bi txandatan banatuko da: lehenengo txanda 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzat izango da, eta bigarrena, 9 urtetik 11 urtera bitartekoentzat.
- Astelehen eta asteazkenetan, 4-8 urtekoak
- Astearte eta ostegunetan, 4-8 urtekoak
- Ostiraletan, 9-11 urtekoak
Ohikoa denez, txanda bakoitzean 24 toki eskainiko dira, eta, esan bezala, haien barruan, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki.
Tarifa
Ikasturterako kuota orokorra 40,60 euro izango da, eta bizikidetza unitate bateko bigarren haurraren eta harengandik aurrerako bakoitzaren kuota, 22,35 euro. Gainera, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeran dauden bizikidetza unitateetako haurrek kuota orokorraren % 90eko hobaria izango dute
Izena emateko egutegia
Familia interesdunek seme-alabak hiriko bost haurtxokoetako batean inskribatzeko epea irailaren 1etik 7ra bitartekoa izango da, eta bideak, Udalaren egoitza elektronikoa zein Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren autozerbitzu terminalak. Onartuak direnen eta kanpoan geratzen direnen behin-behineko zerrendak irailaren 13tik 15era bitartean egongo dira ikusgai, Udalaren webgunean, www.irun.org helbidean. Eskaria handiagoa bada eskaintza baino, irailaren 19an, zozketa bat egingo da, eta emaitzak irailaren 21ean argitaratuko dira, Udalaren webgunean. Behin betiko izena emateko eta dagokion kuota ordaintzeko epea irailaren 22tik 28ra bitartekoa izango da, eta Internet bidez egin beharko da hori guztia, SAC24h zerbitzuaren bidez, sac.irun.org helbidean.
Ateak irekitzeko jardunaldia
Irailaren 22tik 28ra bitartean, ateak irekitzeko jardunaldiak egingo dira hiriko bost haurtxokoetan, interesdunek bertatik bertara ezagutu ahal izateko ekipamendu eta hezitzaileak eta ordurako antolatzen diren jarduerez gozatzeko.
Udalaren haurtxokoen sarea
Ostirala, irailak 22
Lapitze: Deskarga k. 17
Ordutegia: 17.00-19.00
Astelehena, irailak 25
Katea: Araba k. 46
Ordutegia: 16.30-18.30
Asteartea, irailak 26
Txikilab (Palmera-Montero): José Antonio Loidi Bizkarrondo k. 12
Ordutegia: 17.00etatik 19.00etara
Asteazkena, irailak 27
Etxaldea (San Migel): Lesaka k. 2
Ordutegia: 17.00etatik 19.00etara
Ostegunak, irailak 28
Erdialdea: Gipuzkoa hirib.8
Ordutegia: 17.00etatik 19.30etara
Informazio gehiago, www.irun.org helbidean.