“Zuhaitza, gure laguna” ibilbidea antolatu du Lapurriturrik irailaren 12rako

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak bultzatuta, Lapurriturriko Informazio Guneak “Zuhaitza, gure laguna” izeneko jarduera tematikoa antolatu du datorren irailaren 12rako, larunbata, Aiako Harria Parke Naturalean. Hitzordua goizeko 11:00etan abiatuko da informazio-gunetik bertatik, eta ingurumen-dibulgazioa zein naturarekiko harremana sustatzea izango ditu helburu nagusi.

Oinezko ibilbide baten bidez, Lapurriturri inguruko zuhaitz espezieak identifikatzeko jarraibideak eskainiko dira, enborren berezitasunak, sendabelarren ezaugarriak eta tokiko elezaharrak azalduta. Saioa herritar guztiei irekita dago, baina bereziki 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea abuztuaren 27tik irailaren 7ra bitartean, 010 telefonora deituz edo www.irun.org webgunearen bidez. Antolatzaileek mendiko arropa eta oinetako egokiak, ura zein hamaiketakoa eraman ditzatela eskatzen die izena ematen dutenei.

Ibilbide honek Lapurriturriko Informazio Gunearen udako eskaintzari jarraipena ematen dio. 15 urte baino gehiagoko ibilbidea duen gune honek ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean irekitzen ditu ateak asteburu, jaiegun eta zubi guztietan, 09:30etik 13:30era. Parke Naturaleko ibilbide tematikoei buruzko argibideak emateaz gain, ohiko jarduerak ere antolatzen dituzte; oraintxe iragarritako zuhaitzen ibilbidearen ondoren, urriaren 10erako mikologia tailer bat izatea aurreikusi baitute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude