Irungo Udalak, Hezkuntza zein Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloen bidez, 451.254,46 euroko inbertsioa egin du udako oporraldian hiriko sei ikastetxe publikoren instalazioak hobetzeko. Gorka Álvarez Hezkuntza zinegotziak eta Sandra Caballero Obretako ordezkariak Elatzeta ikastetxean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, ikasgeletako udako geldialdia baliatu da urteroko plangintza honen bidez lanak egiteko, hezkuntza-komunitatearen beharretara egokitutako espazio atsegin, seguru eta hobetuak bermatzeko helburuarekin.
Gauzatutako esku-hartzeen artean, Elatzetan Haur eta Lehen Hezkuntzako jolastokia hobetzeko lanak egin dituzte, eta Dunboako zein Belaskoeneko ikastetxeetan beheko solairuko bainugelen berritze integrala burutu dute. Bestalde, Toki Alai, Lekaenea eta Txingudi Ikastolako Lehen Hezkuntzako eraikinetan euskarriak prestatu eta hainbat ikasgela margotzeko lanak bideratu dituzte oporraldian zehar, ikasturte berrirako guztia prest uzteko.
Azkenik, udako inbertsio berezi honetaz gain, Udalak gogorarazi du urte osoan zehar mantentze-lan puntualak eta garbiketa zerbitzuak bermatzen direla ikastetxe publikoetan. Bero boladei dagokienez, Iñaki Arrese-Igor hezkuntza teknikariak eta Gorka Álvarezek argitu dute oraingoz ez dela aire giroturik instalatuko eraikinetan, baina beharra duten ikasgelak haizagailuak instalatzeko baliabideak ematen ari direla eta udalak egindako obra berri guztietan beroaren aurkako irizpideak kontuan hartzen direla.
Leka Enearen jolastokia proiektuan
Lekaenearen kasuan, gainera, jolastokia egokitzeko egitasmo berezia dago abian San Miguel-Anakako obrei lotuta. Aurtengo irailean abiatuko den ikasturtean ikasle zein irakasleek lauzaz estalitako eta marrazkiz apaindutako patioa aurkituko badute ere, Udalak patio inklusibo bat sortzeko proiektua diseinatzen jarraitzen du, eta 2027-2028 ikasturterako lanak erabat amaituta izatea espero du. Sandra Caballerok azpimarratu duenez, obra hasi zenetik lehentasuna izan da ikasturte hasieratik patioa erabilgarri eta segurtasun berme guztiekin egotea.



