“Zure Abenturaren Bila” Balitik Panamarako bidai batekin hasiko du programaren edizio berria

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta,  abian da “Zure Abenturaren Bila” -ren edizio berri bat, ostegun honetan (hilak 10) izango den saio berri batekin. “Balitik Panamara”-ren izenburupean, Maider Otaolak, lehen saioko gonbidatuak, Balitik Panamara egindako bidaiaren abenturak azalduko ditu. Hitzordua 19:30etan izango da Amaia KZren hitzaldi aretoan. Sarrera, ohi bezala, doakoa eta librea izango da aretoaren edukiera bete arte. Saioa euskaraz izango da eta gonbidatuak solasaldia eskainiko du.

Balitik Panamara

Balin hasi eta ia bost urte beranduago Panaman amaitu zen bidaia bat. Beka batek bultzatu zituen Maiderren lehen urratsak eta, hortik aurrera, munduko bideak ireki zitzaizkion: motxila bizkarrean, lurralde ezezagunak esploratzen, herrialdeak deskubritzen, lan egiten eta boluntariotzako proiektuetan parte hartzen. Tartean, pandemia bat, eta beti natura bidaide.

Zure abenturaren bila

Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude