2.555 hiritarrek parte hartu zuten jaietako kontzertuen hautaketa prozesuan

Irungo 2.555 hiritarrek parte hartu zuten jaietako kontzertuen hautaketa prozesuan. Bozkaketan Dancing Queen Abba, ETS – En Tol Sarmiento eta Green Valley izan ziren talde bozkatuenak, nahiz eta azken orduko arazoak dela eta, azkenean Rosario izango da estatuko talde gisa emanaldia eskainiko duen bakarlaria. Hortaz gain, talde lokalek kontzertu nagusien aurretik jotzeko aukera izango dute.

Lehen kontzertua ekainaren 22an, larunbatean, izango da. Dancing Queen Abbaren kontzertua izango da, izan ere, 618 botoekin talde bozkatuena izan baitzen. Hurrengo egunean, ekainaren 23an, talde euskaldunaren txanda izango da eta, 665 boto izan ostean, ETS – En Tol Sarmientok girotuko ditu San Juan gauean Urdanibia plazako inguruak. Estatuko taldea bezala Green Valley izan zen talderik bozkatuena bere emanaldiaren aldeko 453 boto bildu ostean, baina, kontratazio prozesuan sorturiko arazo batzuk direla medio, azkenean Rosario artistak ordezkatuko du.

Aurreko urteetan bezala, Irungo Udaleko kultura arloak San Pedro eta San Martzial jaietako kontzertuetako taldeak hautatzeko prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan. Astebeteko epean hiritarrek 4 kategoria ezberdinetarako proposatutako taldeen artean bozkatzeko aukera izan zuten, talde bozkatuenak hautatzeko helburuarekin. Parte hartzea aurreko urteetan bildutako zifretan mantendu da. Hala ere, nabarmentzekoa da bozketan parte hartu dutenen %50a 30 urtetik beherako gazteak izan direla.

Udala estilo eta kategoria ezberdinetako 50 talderekin harremanetan jarri zen eta, lehen hautaketa burutu ostean, 30 proposamen aukeratu ziren Irungo hiritarrei eskaintzeko. Taldeek kontzertuen datak libre izatea, aurrekontuaren barnean egotea eta emanaldiak plazan eta sarrera kobratu gabe eskaintzeko prestutasun erakustea ezinbestekoa izan zen Udalaren eskaintzan sartzeko.

Talde lokalentzako tartea
Estatu mailako, talde euskaldun eta talde tributuaz gain, talde lokalek hiriko jaietan haien emanaldia eskaintzeko aukera izango dute ere. Hain zuzen ere, aurretik aipatutako talde nagusien aurretik emango dituzte talde lokalek haien kontzertuak. Hauek izan dira boto kopuru handiena bildu dituzten talde irundarrak: Yero Company (874), We (408) eta Left Hook (406). Kontzertuen datak talde bakoitzaren estilo musikalaren arabera banatuko dira.

Azken orduko aldaketak
Bozkaketan Green Valley izan zen talderik bozkatuena. Udala eta taldearen arteko kontratua izenpetzerako orduan, ordea, arazoak sortu ziren, izan ere, azken momentuan taldean udaletik proposatutako data beste hiri bateko kontzertuarekin okupatuta zutela konturatu baitziren. Data aldatu eta arazoarentzako konponbideak bilatzen saiatu ostean, azkenean, ezinezkoa izango da ekainaren 28an talde bozkatuenaren kontzertua mantentzea. Egoera hau dela medio, zerrendako bigarren talde bozkatuena hautatzea erabaki zen eta Rosario artista etorriko da estatu mailako artista bezala bozketan 389 boto eskuratu ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude