2025eko asfaltatzen kanpaina Hendaia eta Astigarra kaleetan hasi da

2025eko asfaltatze-kanpaina hasi da hiriko bideak hobetzen jarraitzeko. Hendaia eta Astigarra kaleak izan dira aurtengo asfaltatze-kanpainaren lehen bi abiapuntuak. Gaur goizean, Gorka Alvarez ordezkariak, Irunen helburu horrekin egiten ari diren bi jarduera horien xehetasunak eman ditu.

Asfaltatze kanpainak aurrera egin ahala, Irungo Udaleko Obra, Mantentze-lan eta Azpiegitura arloak hiriko beste hiru gunetan lan egite aurreikusten du. Datozen hilabeteetan zehar egingo lirateke hurrengo lan horiek. Lanen ardura duen enpresa esleipenduna Excavaciones y Transportes ORSA, S. L. da, eta hiru hilabeteko epea du gauzatzeko, 288.765,03 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Ordezkariak adierazi duenez, “bide publikoa hobetzeko lan horiek herritar guztien onurarako dira, eta, horregatik, urtero hiriko hainbat puntutan jarduten dugu asfaltatze-kanpaina honen bitartez”. Obra, Mantentze-lan eta Azpiegitura arloko ordezkariak azpimarratu du beharrezko hobekuntzak direla, udal eskumeneko bide-azpiegituretan gertatzen diren narriadurak garrantzitsuak izaten direlako, eta aurrekontuetan dagoen disponibilitatearen arabera egiten direla. “Espero dugu auzotarrek ulertuko dituztela lan horiek sor ditzaketen eragozpenak”, erantsi du Álvarezek.

Bideen egoeraren azterlana

Irungo hainbat kaletan hondatutako zoruak birgaitzeko, kontserbazio-egoera txarrean dauden bideei buruzko azterlan bat egin da, zoladuraren narriadura zenbatekoa den eta azpiegituren egoera nola dagoen ebaluatzeko, kontuan hartuz betiere ez dagoela aurreikusita azpiegitura horietan epe laburrean jarduerarik egitea.

Jardueren artean daude  zoladurak konpontzea, bi kaleetako errodadura-geruza osorik birgaitzea eta pintaketa lanak, bideetako marrak egitea eta hiri-altzarietako elementuak jartzea. Lan horiek datorren astean amaituko dira, betiere eguraldiak ahalbidetzen badu.

Era berean, bi kaleetako aparkalekuak aldi baterako erreserbatzea aurreikusten da, batez ere Hendaia kalean, non linean zein baterian aparkatzeko guneak birgaituko diren.

Lanak egunez egingo dira, eta seinale-eramaleek araututako txandakako zirkulazioa mantenduko da. Garajeetako pasabideetara sarbidea baimenduko da, baina une jakin batzuetan mozketa puntualak egin beharko dira, eta horien berri emango zaie aldez aurretik jabeei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude