Bidasoa XXI klubak lorpen garrantzitsu batekin hasi du denboraldi berria. Izan ere, klubeko senior mailako kirolariek Ohorezko Dibisiora itzultzea lortu dute. Espainiako Kopan mutilek lehen postua lortu dute eta neskek bigarrena. Oskitz Aguilar Bidasoa XXIeko entrenatzailea da eta klubak azkenaldian eskuratutako lorpenen balorazioa egin digu.
Klubeko taldeak Ohorezko mailara igotzearekin pozik egongo zarete, ezta?
Bai, oso pozik. Azken batean, ohorezko mailara igotzeko ideia hori buruan bueltaka genuen. Neskak joan den urtean jaitsi ziren, baina mutilek urte gehiago zeramatzaten lehenengo mailan. Aurten talde lehiakorrak osatzea lortu dugu, mailaz igo ahal izateko.
Espainiako Kopan lortu zenuten hori?
Bai, hori da. Jendeak txapelketa hori nolakoa den uler dezan, nik askotan futbolarekin alderatzen dut, futboleko Liga bezala funtzionatzen du eta. Igeriketaren kasuan, futbolean partiduak jardunaldika antolatzen diren bitartean, gu probaka antolatzen gara. Proba bakoitzak bere puntuak ditu. Txapelketan lortutako postuaren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortzen dituzu. Txapelketaren amaieran talde guztiek lortutako puntuen batura egiten da eta horrela lortzen da azken sailkapena.
Mutilek lehen postua lortu zuten eta neskek berriz, bigarrena, ezta?
Hori da. Mutilak lehenengoak izan ziren, beraz, zuzenean igo ziren Ohorezko Mailara. Egia esan, txapelketa oso ona egin zuten. Lehiaren hasieratik sailkapenean lehenengoak izan ziren, eta tarte batez bigarrenak gehiago hurbildu zitzaizkien arren, berriro beharrezko aldea mantentzea lortu zuten.
Nesken kasuan, antzekoa izan zen, baina haiek hirugarrenekin borroka estuagoa izan zuten. Arazo nagusia izan zen Bidasoa XXIeko emakumezkoen taldea errelebo batean deskalifikatua izan zela eta hori gertatu ez balitz lehenengoak izateko aukerak zituztela. Dena den, azkenean mailaz igotzea lortu zuten beraiek ere.
Denboraldia berri on honekin hasteaz gain, zein beste lehiaketatan parte hartu duzue?
Abenduan maila absolutuko Espainiako Txapelketa izan genuen. Txapelketa hori maila indibidualean jokatzen da, ez taldeka. Bertan gure igerilariak oso ondo aritu ziren, askok denborak hobetzea lortu baitzuten. Egia esan, ez da urteko txapelketa errazena izaten, denboraldia hasi eta gutxira egiten baita. Gainera, igerileku motzean egiten da eta klubean Donostian igerileku luzean entrenatzera ohitua dagoen jende asko dugu.
“Niretzat, entrenatzaile bezala, igerilariek disfrutatzea eta beren denborak hobetzea da helburua”
Eta horren ostean, zeintzuk izango dira hurrengo lehiaketak?
Orain otsailean Euskal Autonomia Erkidegoko Federazioarekin Espainiako Txapelketa izango dugu kimu, haur eta juniorrekin. Gero, Euskadi mailan, Euskadiko Txapelketa ere izango dugu. Martxoan Espainiako Openean parte hartuko dute absolutu eta juniorrek. Haurrek berriz, Espainiako Txapelketa izango dute. Horren ostean, udako denboraldia hasiko genuke.
Gaur egun zenbat igerilari dituzue klubean?
Aurtengo denboraldian 200 kirolaritik gora dauzkagu gurekin klubean igerian. Oso kirol ezaguna ez den arren, zifra hori ez dago gaizki. Egia da, kirol honetan hasi nahi duten haurrak lortzea zaila dela, baina pixkanaka hori lortzeko lanean ari gara.
“Aurten talde lehiakorrak osatzea lortu dugu, mailaz igo ahal izateko”
Aste Santu inguruan kontzentrazio bereziak antolatu ohi dituzue. Aurten ere horrelakorik egingo duzue?
Bai. Aurten, beti egiten dugun bezala, kimuekin eta haurrekin Benidormera joango gara bederatzi egunez. Juniorrak eta absolutuak berriz, Llanesera joaten dira 9 egunez. Horrelako kontzentrazioak oso garrantzitsuak dira, kirol helburuak lantzeaz gain, klubean laguntasuna bezalako balioak jorratzeko. Ni kimuekin eta haurrekin Benidormera joan ohi naiz eta iritsi bezain laster egiten dugun lehenengo gauza mugikorrak kentzea da. Gauean ordu batez itzultzen diegu, baina egun osoa mugikorrik gabe pasatzen dute. Goiz eta arratsaldez entrenatzen dugu. Behin entrenamenduak amaituta, eguraldi ona egiten badu, hondartzara joaten gara. Bestela, eskola batean lo egiten dugunez, bertan mahai teniseko, teniseko eta futboleko zelaiak dituzte.
Ohorezko Mailarako igoeraz gain, zeintzuk dira aurtengo denboraldirako dituzuen beste helburuak?
Hemendik aurrera helburuak pertsonalak dira. Beraz, igerilari bakoitzak bereak ditu, hau da, Euskadiko edo Espainiako Txapelketara joan ahal izatea, finalerako sailkatzea edo domina lortzea. Niretzat, entrenatzaile bezala, igerilariek disfrutatzea eta beren denborak hobetzea da helburua. Esango nuke gaur egun klubean Espainiako mailan finalera iristeko aukerak dauzkaten hainbat kirolari dauzkagula. Junior absolutu mailan Asier Iguiñiz daukagu, baita Petra Bisa eta Amaia Cendoya. Kimuetan eta haurretan berriz, aurreko urtean domina lortu zutenak aurten nola ibiliko diren ikusi beharko dugu. Azken hauek adin txikikoak izanda, apur bat zailago izango dute, baina ikusiko dugu noraino iristen diren. Egia da nik igeri egiten nuen garaiko kluba bestelakoa zela, horren ostean urte makalagoak izan dira, baina berriro egoera irauli eta uste dut kluba indarberritzen ari dela.
Helburu horiei begira, nola antolatzen dituzue entrenamenduak?
Entrenamenduak kirolarien adinaren arabera antolatzen dira, hazten doazen heinean ordu gehiago sartzen baitituzte uretan. Horrela, astelehenetik larunbatera egiten ditugu entrenamenduak. Bidasoa XXI kluba oso zabaldua dagoenez, Irun, Hondarribi eta Oarsoaldeko kirolariak dauzkagu. Larunbatetan kirolari horiek guztiak elkartzen ahalegintzen gara, bakoitzak bere adineko taldea ezagutu eta harremantzeko aukera izan dezaten.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.



