Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, datorren azaroaren 20an, ostirala, Marrazketa eta Pinturako Udal Akademiak masterclass bat eta sormen-tailer bat hartuko ditu 17:00etatik 20:00etara bitartean. Saioa Maria Jose Noain arkeologo eta historialari hondarribiarraren eskutik garatuko da, eta emakumeek artearen historian izan duten paperari zein haien ikusezintasunari buruzko gogoeta bultzatzea izango du helburu nagusi.
Arratsaldeko jarduera bi zatitan banatuta egongo da. Lehenik eta behin, ordubeteko hitzaldi teorikoa eskainiko da “Zergatik (ematen du) ez dela emakume artistarik egon?” izenburupean. Ondoren, landutako edukietan oinarritutako tailer praktiko bati ekingo zaio, parte-hartzaileek collage teknika baliatuz euren lanak garatu ditzaten. Saioan parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik inolako ezagutzarik izatea, eta taldea gutxienez bost lagunek eta gehienez hamabostek osatuko dute. Interesa dutenek datorren astelehenetik aurrera, azaroak 9, eman ahal izango dute izena udalaren webgunean; izen-emate epea azaroaren 17an itxiko da, edo plazak agortu ahala, eta matrikularen prezioa 16,95 eurokoa da.
Maria Jose Noain Maura
Hizlariak ibilbide akademiko eta profesional luzea du historiaren, antropologiaren eta ondarearen arloan. Maria Jose Noain Maura (Hondarribia, 1971) Geografia eta Historian lizentziatua da —Historiaurrea eta Arkeologia espezialitatean—, baita Gizarte eta Kultura Antropologian ere, eta egun Artearen Historiako Gradua amaitzen ari da UNEDen. Arkeologia prebentiboan hasi zuen bere jarduna, eta hainbat indusketatan parte hartu zuen Espainian zein nazioartean; aipagarriak dira Ponpeian, Tel Hazorren (Israel), Songo Mnaran (Tanzania), Ampuriasen zein Irungo erromatar portuan egindako lanak. Geroago, museoetara eta kultur kudeaketara bideratu zuen bere ibilbidea: 2006tik aurrera, eta 13 urtez, Irungo Oiasso Erromatar Museoko jardueren eta komunikazioaren arduraduna izan zen, eta Bidasoko Nazioarteko Zine Arkeologikoaren Jaialdia (FICAB) bezalako proiektuetan esku-hartze nabarmena izan zuen.



