Asteburu honetan bi hitzordu garrantzitsu izan ditu atletismoak, eta Bidasoa Altetiko Taldeko atleten jarduna nabarmena izan da, bai Bartzelonako asfaltoan, bai Antequerako pista estalian. Lorpenik handiena Jose Gómez de Arribak eskuratu du, M45 mailako Espainiako maratoi txapeldun berria izendatu baita.
Maratoia: Errekorra eta titulua Bartzelonan
Bartzelonan jokatu den Espainiako Maratoi Txapelketan, Jose Gómez de Arribak erakustaldia eman du. Lasterketa bikaina osatuta, 2h24’16” denborarekin helmugaratu da, M45 mailako Espainiako txapeldun bilakatuz. Gainera, marka honek txapelketako errekor berria ezartzea dakar, Pablo Villalobosek zuen aurreko marka (2h24’25”) ondu baitu. Sailkapen orokorrean 16. postu bikaina lortu du.
Gómez de Arribarekin batera Jon Urtizbereak ere parte hartu du. Jonek laguntzaile lanak egin ditu maratoi erdira arte (1h11’31”), eta azkenean 2h34:40ko denborarekin amaitu du proba, M35 mailan 20. postuan geratuz.
18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa
Pista estalian ere albiste onak izan dira, nahiz eta zorteak ez dien denei berdin lagundu:
Hai Duong Alzaga Finalerdi sendoa osatu du 400 metrotan eta bere marka pertsonala hobetzea lortu du (58.06). Finaletik kanpo geratu den arren, bere bilakaera argia dela erakutsi du.
Iker Anaut Heptatloian 15. postuan amaitu du, merituzko emaitza marka apalenarekin hasi zela kontuan hartuta. Bi marka pertsonal berri ezarri ditu: 1.78 m altuera-jauzian eta 10.86 m pisu jaurtiketan.
Eñaut Arburua 200 metrotan finalerdietaraino iritsi da (22.40 kanporaketan eta 22.62 finalerdian). 10. postuan amaitu du, hirugarren kaletik korrika egiteak finalerako aukerak zaildu dizkiolarik.
Naia Piquer 1500 metrotako saio taktiko batean lehiatu da. Lasterketa amaieran erabaki da eta 4’57”ko denborarekin amaitu du denboraldia, jada aire zabaleko probetan pentsatzen.
Iker Piñeira asteburuko alderik mingotsena beretzat izan da. 200 metrotan dominak lortzeko faboritoetako bat zen, baina irteera nulu batek (0,86ko erreakzio denbora) lehiaketatik kanpo utzi du.



