14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldea Gipuzkoako Txapelketako finala jokatzeko sailkatu da

Iturria: Txingudi Errugbi Kluba.

14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak larunbatean Hernani/Atletico San Sebastian taldearen aurka jokatutako partidua galdu zuen. Hala ere, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatzeko sailkatu da. Zaisa Txingudik berriz, Arratiko Zekorrak taldea 52-26 garaitu zuen larunbatean. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Arrasaten hasi zuen Euskal ligako azken fasea Hiruherri taldearen aurka.

Gipuzkoako txapelketako finalera

Txingudi/Orereta/Baztan sub 14 taldeak Hernani/Atletico San Sebastianen aurka jokatu zuen larunbat goizean. Mugakoek 35 puntuko abantaila lortu zuten joaneko norgehiagokan, baina ez zien balio izan lasaitasunez jokatzeko. Izan ere, lehenengo minutuetako urduritasunak eragin handia egin zion taldeari eta 12-0 galtzen hasi ziren. Pixkanaka, egoerari buelta ematen jakin zuten eta norgehiagoka berdintzera iritsi ziren.

Azkeneko minutuetan, finalera sailkapena lotuta zutela, etxekoek garaipenerako entsegua lortu zuten, amaierako 17 eta 12koa jarriz.

Honela, partida galdu bazuten ere, 14 urtez azpikoak txapelketaren finala jokatuko dute datorren apirilaren 12an Bultz Bera Beraren aurka.

Zaisa Txingudi

Sentsazio onekin amaitzen ari da Zaisa Txingudi denboraldia. Larunbatean Arratiko Zekorrak garaitu zituzten bi zati oso ezberdin izan zituen norgehiagokan.

Bizkaitarrek jokalari gutxirekin bidaiatu behar izan zuten Irunera, baina zelaian gutxiago izateak ez zuen eraginik izan beraien jokoan eta gogoekin joan ziren erasora, entsegua hirugarren minutuan lortuz (0-5).

Txingudik azkar erantzun zuen eta, seigarren minutuan, Aritz Rodriguezek berdinketa lortu zuen entsegu batekin (5-5). Puntuak lortu bazituzten ere, Iñigo Camarero eta Leire Muñozek gidatutako jokalariei asko kostatzen ari zitzaien bere jokoa zabaltzea eta zigor kolpe gehiegi egin zituzten, metroak eta baloiaren jabetza galduz. Aurkariak ahulezia hauek aprobetxatu zituen eta, zigor kolpe bat hagetara ostikatuz, hiru puntu gehiago lortu zituen (5-8).

Pixkanaka, Txingudik nagiak kendu zituen eta, aurrelariekin jokatutako zigor kolpe baten ostean, hogeita hirugarren minutuan, aurrea hartu zuen markagailuan Juan Carlos Loraren entsegu bat eta “Lutxo” Echevarriaren eraldaketarekin (12-8). Defentsan zailtasunak zituzten oraindik mugakoek eta, bost minutu geroago, bigarren zigor kolpea sartu zuen Arratikok hiru puntu gehiago gehitzeko (12-11).

Lehenengo zatiko azken jokaldian, Igorreko taldeak markagailua bere alde irauli zuen beste zigor kolpe bat hagen artean ostikatuz (12-14).

Bigarren zatiaren hasieran, Txingudik baloia gehiago izan zuen, baina akatsa gehiegi egiten jarraitu zuen eta bisitariek egoeraz baliatu ziren aldea entsegu eraldatu batekin handitzeko (12-21).

Bizkaitarrak, lesioengatik, hamahiru jokalarirekin geratu ziren eta Txingudi bere jokoa aktibatzen hasi zen. Baloia berreskuratu eta hainbat fase jokatu ondoren, Pablo Besgak, entsegua lortzear zegoenean, arauen kontrako plakaje bat jaso zuen, Txingudiren aldeko zigor entsegu bat eskuratuz eta Arratikoren jokalariaren kaleratzea hamar minutuetarako (19-21).

Hurrengo jokaldian, eraso azkar bat eginez, beste zazpi puntu gehitu zituen Zaisa Txingudik markagailuan aurrea hartzeko Odin Gutierrezen entsegua eta “Lutxo” Echevarriaren ostikadarekin (26-21).

Lau minutu geroago, Juan Carlos Lora kapitainak lapurtutako baloia jokatu ostean, Alberto Robledak defentsa haustea lortu zuen bosgarren marka gehitzeko, Echevarriak eraldatu zuena (33-21).

Mugakoek baloia kontrolpean izaten ari ziren, baina bizkaitarrak ere puntuak gehitu nahi zituzten. Arratikoren jokaldi bat plakaje arriskutsu batekin mozteagatik, Mikel Genuak hamar minuturako kanporaketa jaso zuen 56. minutuan.

64. minutuan, eskura ondo kateatutako beste jokaldi bat amaituz, Robledak bere bigarren entsegua egin zuen, “Lutxo” Echevarriak ondoren eraldatu zuena (40-21).

Arratikok ez zuen amore eman eta, hiru minutu geroago, mugakoen plakaje akatsetaz baliatu zen beste entsegu bat lortzeko (40-26).

Azkeneko hamar minutuetan, aurkariaren indarrek behera egin zuten eta Txingudik azkeneko minutuak bere jokoa garatzeko erabili zituen. Juan Carlos Lorak eta Odin Gutierrezek entsegu bana eta “Lutxo” Echevarriak eraldaketa bat lortu zituzten, amaierako 52 eta 26koa jarriz.

Zaisa Txingudiren hamabostekoa Aritz Rodriguez, Xabi Sanchez, Jon Sanchez, Jenö Kocsis, Jon Mediavilla, Imanol Rodriguez, Aitor Asurmendi, Juan Carlos Lora (kapitaina), Ekain Hiribarren, “Lutxo” Echevarria, Pablo Besga, Mikel Genua, Hodei Guerrero, Odin Gutierrez eta Alberto Robledak osatu zuten. Joao Costak aulkian hasi zuen partida. Epailea Juan Luis Diaz Peña izan zen.

Emaitza honekin, Zaisa Txingudik bonus puntu bat gehitu du sailkapeneko seigarren postura igotzea lortuz.

16 urtez azpikoak Arrasaten

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Arrasaten hasi zuen Euskal ligako azken fasea Hiruherri taldearen aurka. Lehenengo minutuetatik, etxekoek jokoa guztiz menperatu zuten aukerak entseguetan bihurtuz. 40 eta 5eko emaitzarekin, mugakoek ez dute azkeneko fasea ondo hasi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude