Euskaraldia Irunen: Azken txanpa, azken bultzada txapari

Euskaraldiaren 4. edizioak asteburu honetan egingo du azken txanpa. Horretarako, Irunen asteburuan zehar egingo diren hainbat ekintza antolatu dira maiatzaren 25ean ariketa masiboa amaitu aurretik. Kantuan, antzerkiarekin, musikarekin, txotxongiloekin eta dantzan agurtuko dute aurtengo edizioa irundarrek.

Ekintzen egitaraua

Asteburuko lehen ekintzak maiatzaren 23an, gaur bertan, egingo dira. Arratsaldeko 15:30ean Eguzkitza Lehen Hezkuntzako eskola kanpoaldeak Larreaundiko Auzo Elkarteak antolatutako “Eguzkitza Kantuz” jarduera hartuko du, Euskaraldia auzoetan egitasmoaren barnean. Egitasmo berearen barnean, 17:00etan berriz, Alberto Anguera plazan Kamishi-Jai antzerkia egingo da, San Miguel Auzo elkartearen ekimenez. Azkenik, Oskarbi taldeak kontzertua eskainiko du Amaia kultur zentroan gaur arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina kontzertuaz gozatzeko gonbidapenak lortu beharko dira aldez aurretik.

Larunbatean, maiatzaren 24an, eguerdiko 12:00etan Txorimaloak Soinu Taldeak San Juan plaza girotzeaz arduratuko da. Arratsaldean, Pio XII plazan “Baleazaleak” txotxongilo emanaldia hartuko du Ostomila konpainia irundarraren eskutik.

Maiatzaren 25ean, igandean, Jeiki Hadi Taldeak mutxiko saioa eskainiko du San Juan plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera. Azkenik, Euskaraldiaren itxiera ekitaldia egingo da Zabaltza plazan arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertaratzen direnek euskal berbenaz gozatuko dute Skola Musik-en ekimenez, baita Pausokaren dantza ikuskizunaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude