Gaur aurkeztu dute 2025eko San Pedro eta San Martzial jaietako programa. Guztira, 150 proposamen baino gehiago dakartza, adin eta gustu guztietarako pentsatuak. Programak aisialdi, gizarte, kultur zein kirol arlokoak, Irungo kale eta auzoak jendez beteko dituztenak.
Gaur emandako prentsaurreko batean, Irungo alkate Cristina Labordak, Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak, Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek, Gizarte Ongizateko eta Euskarako ordezkari Josu Iguiñizek eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok, programa prestatzen lagundu duten entitate eta elkarte batzuetako ordezkariekin batera, egitarauaren xehetasunak eman dituzte. Ofizialki, ekainaren 23tik uztailaren 1era arte iraungo dute jaiek, baina, beste urte batzuetan bezala, jarduerak lehenago hasiko dira, hiria girotzen joateko.
Labordak gogorarazi duenez, “jaiak aukera paregabea dira Irungo auzo eta bazter bakoitzean jarduera programa oparo batez gozatu bitartean hiri gisa bat egiteko eta senide eta lagunekin egoteko”. Alkateak Sanmartzialetan hasieratik bukaeraraino parte hartzera animatu ditu irundarrak; pozez, ilusioz, arduraz parte hartzera, eta bizikidetzaren eta errespetuaren garrantzia gogoan izanik.
Alzagak, berriz, eskerrak eman dizkie programazioa aberasteko ahalegina egiten duten entitate, elkarte eta taldeei, haiei esker ia ekain osoan izango baita jaietan parte hartzeko aukera: “Jaiegun ofizialen aurretik ere bada eskaintza sendo bat, eta, aurten, kontzertuak oso erakargarriak dira, izen handiko talde eta artistenak, aurreikuspen guztiak gainditzeko modukoak. Nobedade handiak ekarri ditugu, hala nola, bihar ezagutzera emango duguna, ala Txaranga Eguna, bertakoak beti erdian ipiniz”.
Programak 150 jarduera baino gehiago biltzen ditu; aurrenekoa, ohi bezala, jaien beren aurretik, ekainaren 4an, XXIII. Irun Hiria Padel Torneoa, eta azkenak, uztailaren 1ean, bakarrizketa jaialdia eta su artifizialen ikuskizuna.
Gainera, aurten, ekaineko lehenengo asteburua, hilaren 6tik 8ra bitartekoa, ohi baino potenteagoa izango da, Eskubaloiko Errege Kopako azken fasea jokatuko baita. Ildo horretatik, Udalak jarduera programa oparo bat prestatu du: topagune bat, kontzertuak (DJ Erenere eta, Jordi Évole buru dutela, Los Niños de Jesús), minieskubaloi kantxak eta puzgarriak.
Kultura, kontzertuez haratago
Aurten musikari dagokionez San Juan eta Urdanibia plazetan egingo den eskaintza goi mailakoa izango da, Fangoria, Puro Relajo, Süne eta Gatibu izango baitira kartelburuak, besteak beste, baina aipatzekoa da berritasun bat ere: ekainaren 14an, Txaranga Eguna ospatuko da, Burrunba Elektrotxarangaren hamargarren urteurrena dela medio, eta lurraldeko hainbat txarangak musikaz beteko dituzte hiriko erdialdeko bazter guztiak.
Monologoen kartela goraipatzekoa da ere bai, Charlie Pee eta Andrea Casanovarekin. Gainera, biharko egunean beste nobedade bat emango da ezagutzera. Honek Fangoriaren jaien aurreko kontzertua ekainaren 23ko ekimenak batuko ditu.
Era berean, ekainaren 20an, Musikaren Munduko Eguna ospatzeko, Udal Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioko ikasleek kontzertu bat emango dute, Zabaltza plazan.
Beste erakargarri nagusietako bat argazkigintza izango da; zehazki, Irun Drone Racing drone lasterketa, Euskodronen eskutik, ekainaren 21ean, goizean, Eguzkitza ikastetxean.
Azkenik, jaiei bukaera emateko, su artifizialek argi eta kolorez estaliko dute hiriko zerua, Caballer FX – Global FOC piroteknia etxeak uztailaren 1ean Donostia kalean emango duen ikuskizunari esker. Aurrez, nolanahi ere, bakarrizketa jaialdi bat izango da, iazko arrakasta ikusita, eta barre algarak erruz entzungo dira, Charlie Pee eta Andreu Casanova umoregileen eta Asier Burguete aurkezlearen eskutik, Zabaltza plazan. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak aipatu duenez, “hiritarren ahotsa entzunez aurten bakarrizketen ordutegia aurreratzea erabaki dugu eta su artifizialen aurretik egingo dira”.
Kirola ere nonahi
Kirolak ere izango du lekurik programan. Eskubaloiko Errege Kopako azken faseaz harago, hiriko kirol taldeek ere jaietan parte hartuko dute, eta, ildo horretatik, betiko klasikoak antolatu dituzte, hala nola esku pilota jaialdi profesionala, uztailaren 1ean, Uranzu frontoian; 3×3 saskibaloi txapelketa; eta Aiako Harriko natura parkeko mendi martxa.
Edonola ere, kirol guztien artean, beti bezala, protagonismo berezia izango du txirrindularitzak, eta, horren adierazgarri, ekainaren 8an, San Pedro klasikoaren 104. edizioa jokatuko da, edota ekainaren 22ko San Martzialera igotzeko mendi martxa.
“Oso egitarau konpletoa da hau: jaietan pentsatzen dugunean, kontzertuak, gaua eta lagunarteko eta familiarteko bazkariak datozkigu burura, baina, Irunen, kirola ere gogoan dugu beti. Urteroko klasikoak izango ditugu, horretan datza-eta urtero egitarauaren arrakasta, eta, aurten, gainera, Eskubaloiko Errege Kopako azken fasea jokatuko da”, adierazi du Olazabalek.
Adinekoak ere protagonista
Jai egitarauak adin guztietako pertsonentzako jarduerak hartzen ditu barnean, are adinekoentzat direnak: dantza erakustaldi bat, Iraso zentro sozialean; Tipi-Tapa paseoa, Luis Mariano zentro sozialetik; Palmera Monterok jasoko duen San Juan Festa adinekoen erakunde guztiek antolatuta; adinekoen omenezko bazkaria, Ficoban, ekainaren 23an; adinekoentzako dantzaldia, Zabaltza plazako kioskoan, ekainaren 15ean; eta abar, eta abar.
Iguíñizek nabarmendu duenez, “egitarau oparo bat prestatu dugu aurtengo jaietarako, eta adinekoak ere badira protagonistak. Ekitaldi espezifikoak antolatu ditugu haientzat, eta, gainera, gainontzeko ekitaldi guztietan parte hartzera animatzen ditugu. Bestalde, egitarauaren barruko jarduerez gain, baditugu adinekoentzako guneetan antolatu ditugun ekimenak ere, hirugarren adinekoek bertatik bertara bizi ditzaten sanpedro eta sanmartzialak”.
Euskarazko Gaztegunerik ez
Josu Iguiñizek azaldu duenez, aurten Euskara Zerbtizuak Gaztegunerik ez antolatzea erabaki du. Programaren helburuetako bat euskarazko guneak sortzea zen eta “hori bermatzen ez zenez”, bertan behera uztea erabaki da. Horren ordez, haur, gazte eta helduentzako magia saioak antolatu dituzte jaietara begira. “Hiritarrak euskara modu dibertigarria gerturatzeko beste modu bat, jaietan euskarari kilimak egin eta hiritarrak euskararen erabilerara gerturatzeko”, azaldu du euskara ordezkariak. Magia ekitaldiak ekainaren 22an, 26an eta 27an izango dira.
Gaztegunea, gazteen erreferentzia
Aurten ere, gazteentzako topagune eta erreferentzia izango da Gaztegunea, Euskal Jai frontoian, Santiagon, ekainaren 25ean, 26an eta 27an. Aisialdian eta giro onean oinarritutako programa bat eskainiko da han, zuzeneko proposamen musikalak eta gazteenei gogotik gozatzeko aukera emango dietenak uztartuta.
Bereziki, aipatzekoak dira honako hauek: gaming eta errealitate birtual gunea; Fane, Kiliki eta María Escarmientoren kontzertuak; Asier Burgueteren diskofesta; dantza masterclass bat eta dantza akademien flashmob-a; street escapeak; eta IrunTxef txapelketa, @papousfood-en eskutik.
Caballerok azpimarratu duenez, “Udalari ez zaio burutik pasatu ere egiten hiriak gazteen ahotsa ez entzutea. Zinez garrantzitsua da gazteek jai egitaraua osatzen parte har dezaten, beren gustu eta interesei erantzuteko oinarria baitira. Protagonismoa merezi dute, eta urteak daramatzagu ildo horretatik lanean, egun aipagarrietan ez ezik jarraituki”.
Jaiak iragartzeko kartelen sariketako finalisten erakusketa
Ohi bezala, sanpedro eta sanmartzialak iragartzeko kartelen sariketara aurkeztutako lanen erakusketa bat egingo da: ekainaren 13an hasiko da, 18:00etan, Amaia KZn.
Erakusketa ekainaren 14tik 29ra egongo da zabalik, ordu hauetan: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Guztiontzako moduko jaiak
Ohi bezala, atrakzioak instalatuko dira Ficoban, ekainaren 14tik uztailaren 2ra arte, eta, ekainaren 18an, 25ean eta 27an, 17:00etatik 19:00etara, musika itzaliko da, autismoaren espektroko nahasmenduren bat duten gazteek eta hipersentsibilitatea dutenek esperientziaz gozatzeko eragozpenik izan ez dezaten. Horrela, entzunezko estimuluak itzaliko dira, eta, ahal den neurrian, baita argi keinukariak ere.
Halaber, inklusioa sustatzeko neurrien barruan, kontzertuetan eta jarduera jendetsuetan, mugikortasun urriko pertsonentzako plataformak instalatuko dira. Laster, formulario bat igoko da Udalaren webgunera, erabili nahi dituztenek eskaera egiteko.
Jai egitaraua
Ekainaren 2tik aurrera, egitarauaren 28.000 ale banatuko dira hiriko postontzietan, eta 2.500 kartel jarriko dira hiri osoko dendetan. Ordura arte, Sanpedro eta Sanmartzialetako programa kontsultatu eta jarduera bakoitza zer egun eta ordutan izango den jakin nahi dutenek Udalaren webgunean dute horretarako aukera.



