Juan Arana eta Serapio Mujika kaleak birzolatzeko lanak bihar hasiko dira

Bihartik aurrera Juan Arana eta Serapio Mujika kaleetan asfaltoa kentzeko eta birjartzeko lanak egingo dira. Hala jakinarazi du Gorka Álvarez Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak. Lanak bi fasetan egingo dira eta uztail amaierara arte luzatuko dira.

Gorka Álvarezek azaldu duen moduan, “bide publikoan hobekuntzak eta jarduketa txikiak egiteko esku-hartze bat da, eta bide publikoko kaleak mantentzea ahalbidetzen du. “Hiriaren erdiguneko bi kale tipiko dira Pio XII. plaza inguruko bi bide horiek, komertzio asko dauden auzoa”, azaldu du ordezkariak. Ibilgailu asko pasatzen dira bertatik egunero, batik bat zamalanetako furgonetak. Álvarezek nabarmendu duenez, “Juan Arana eta Serapio Mujika kaleak hobetzeko beharra ikusi genuen, auzotarren eskariei ere erantzunda”.

Lanak bi fasetan egingo dira. Lehen faseari ostegun honetan ekingo zaio, Juan Arana kalean, eta bi aste iraungo du gutxi gorabehera. Bigarren fasea sanpedro eta sanmartzialen ondoren egingo da, Serapio Mujika kalean, eta horrek ere bi asteko iraupena izango du gutxi gorabehera. Bi kasuetan, bide erdiko hormigoizko mendelak eraitsiko dira eta asfaltozko zoladura fresatuko da, ondoren asfalto berria jartzeko.

Aurretik, kalearen erdiko ubideko pieza hautsiak konponduko dira, baita kutxatilak eta estolda-zuloak ere, beharrezkoa denean. Azkenik lanak osatzeko, egoera kaxkarrean dauden espaloi zatiak konponduko dira, asfaltoaren eta kaleen arteko ertzak ere berrituta.

Aldaketak zirkulazioan

Ibilgailuen zirkulazioa errazteko, Aureliano López kalean bi norabidetan ibili ahalko da obrak egin bitartean, bi faseetan. Era berean, Juan Arana kaleko obrak egin bitartean, Serapio Mujika kalean bi norabidetan ibili ahalko dira kale horretan garajeak dituztenak eta zamalanetako ibilgailuak. Juan Arana kaleak funtzio bera izango du Serapio Mujikako lanek iraun bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude