Dies Oiassonis jaialdiaren XV. edizioak eszenatoki berriak izango ditu terma erromatarrei esker

  • Uztailaren 9tik 13ra
  • 50 jarduera inguru
  • Sarrerak salgai daude dagoeneko

Dies Oiassonisek asmo handiko proposamena dakar aurtengo uztailerako. Irungo Udalak antolaturik, uztailaren 9tik 13ra Irungo kaleak erromatar garaira itzuliko da. Guztira, 50 bat jarduera antolatu dira. Programak berritasunak dakartza, tartean, Oiasso museoko terma erromatarrak izango baitira erakargune berria.  Hain zuzen ere, aurtengo kartela Miriam Merinok diseinatu du, Oiassoko termetan inspiratuta.

Jaialdiaren XV. edizioa izango da aurtengoa. Oiasso museoaz gain, hiriko beste puntu batzuetara ere iritsiko da jaialdia, ondare erromatarra herritarrei gerturatzeko. Cristina Laborda alkateak azaldu duenez Dies Oiassonis hirian guztiz errotuta dagoen hitzordua  da: “Jaialdia erreferentzia erromatar sendoa da, bai irundarrentzat, bai ingurutik bisitan etortzen direnentzat, urterik urte indartu egiten baitugu proposamena aberasteko eta berritzeko apustua”. Nuria Alzaga Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu duenez, jai erromatarraren testuinguruan, historiarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako eskaintza handi hau prestatzeko “ezinbestekoa izan da hiriko elkarte eta erakundeen lankidetza”.

Klasikoak eta berritasunak

Antolatutako 50 jardueren artean,  batzuk sendo errotutako ekintza klasikoak dira, hala nola Navigium Isidis, zirku erromatarra edo pintxo erromatarraren ibilbidea. Jarduera horiek Oiasso museoan edo hiriko beste zenbait puntutan izango dira.

Jaialdiak ere hainbat berritasun dakartza. Esaterako, aipatzekoa da jaialdiari hasiera emango dion Ifigenia antzezlana; Amaia KZn eskainiko da uztailaren 9an, asteazkenarekin, 21:00etan. Era berean, lehiaketa gastronomikoa lekualdatuko da. Udaletxeko arkupeetan egin ordez, aurten Almudena Grandes plazan antolatuko da. Errezeta ere aldatuko da: arrain zopa atzean utzi eta aurten “Isicia Omentata” prestatu beharko da. Antzinako Erroman jaten zen plater hori askotariko bizigarriekin prestatutako haragi txikituzko enpanada bat da, gaur egungo hanburgesen nolabaiteko aurrekari bat. Lehiaketako herri-epaimahaiko kideak doan sartuko dira gonbidapenarekin.

Antzezpen historikoek protagonismo handia izango dute aurten. Espazio handiagoa hartuko dute Oiasso museoan, termen kanpoaldean eta Almudena Grandes plazan. Azoka erromatarra ere itzuliko da Irungo kaleetara, zehazki Fermin Calbeton, Genaro Etxeandia eta Foru kaleetara. Horrez gain, postu batzuk instalatuko dira Luis Marianoren lorategietan ere.

Azkenik, terma erromatarrak gauez bisitatzeko aukera egongo da apirilaren 11n.  Gainera, Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta Bainea ikuskizunaren hiru emanaldi eskainiko ditu, larunbat arratsaldean eta gauean eta igande goizean, termen kanpoaldean.

Sarrerak

Ifigenia antzezlanera (uztailak 9, 21:00), afari erromatarrera (uztailak 11, 21:30) edo zirku erromatarraren hiru saioetako batera (uztailak 12, 21:00 eta 23:00; eta uztailak 13, 12:00) joan nahi dutenek ohiko saltokietan eskuratu ditzakete sarrerak: Udalaren webgunean edo Luis Marianoko turismo-bulegoan. Antzezpen historikoko emanaldietarako sarrerak jaialdian bertan jarriko dira salgai, Oiasso museoan. Guztiak ere historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude