ABISUA: Jaialdiaren kokapena aldatu egingo da eguraldi txarra aurreikusten delako.Horrela, DJ saioa eta kupula, kandela eta kaligrafia tailerrak Ospitale Zaharrean egingo dira, eta Morochosen kontzertua Urdanibia plazan
Irungo gazteek “UdaTXAO! Art, Music & Chill” jaialdiarekin agurtuko dute aurten ere 2025eko uda. Izan ere, aurtengo jaialdiaren bigarren edizioa izango da, irailaren 20an, larunbatean, Sarjia parkean egingo dena. Jaialdiaren programazioa arte eszenikoek, tailerrek eta musikak osatuko dute, 18:00etatik 22:30era.
Jaialdiaren barnean antolatu diren tailerretan parte hartu nahi dutenek, GazteARTEan zerbitzuaren webgunearen bidez izena eman beharko dute. Nolanahi ere, toki librerik geratzen bada, festibalaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, tailerrak hasi baino minutu batzuk lehenago.
Sandra Cabello Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako Arloko ordekzariak aurtengo jaialdiaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur. Ordezkariaren esanetan, “joan den urteko arrakasta ikusita, UdaTXAO! festibalaren bigarren edizioak hirian udari agur esateko modurik onena dirudi”. Sandra Caballerok azpimarratu duenez, “Gazteria Arloa, GazteARTEan, gazteentzako kultur jarduerak sendotzeko lanean ari da beti, eta, horrela, Irunen udari amaiera bikaina emateko modua eskaintzen dugu”.
Honako hau izango da aurtengo egitaraua:
18:00-20:30 | DJ saioa
Arratsalde osoan, Amets San Millán Muchachaderdiablo binilo hautatuak jartzen arituko da: reggae, funky eta disko nahasketa bat eta erritmo dantzagarri amerikarrak.
18:00 eta 19:15 – 20:30 | Kupula tailerra
Nora Loidi irundarra Ixkin Berdea proiektuaren sortzailea da, eta, hari esker, parte hartzaileek kupula batean baso bat sortzen ikasiko dute: pausoz pauso, ekosistema txiki bat sortzen irakatsiko die, material naturalak, likenak eta lore tratatuak erabiliz.
Ordubeteko bi saio emango ditu, eta ez da beharrezkoa parte hartzaileek esperientziarik izatea bertan parte hartzeko.
18:00 eta 19:15 – 20:30 | Kandela tailerra
Marina Zayas Marzaycas-en eskutik, parte hartzaileak artisautzaren eta sorkuntzaren munduan murgilduko dira, argizariaren erabilerari buruzko ezaupide teorikoak eta praktikoak konbinatuta.
Lehenengo, argizari motak ezagutuko dituzte (soja argizaria, erle argizaria, etab.), eta bakoitzaren ezaugarriak, erabilera nagusiak eta abantailak. Era berean, testura eta kolorea bereizten ikasiko dute, fusio puntua kontuan izanda, baita lan bakoitzerako argizari motarik egokiena aukeratzen ere.
Jarraian, argizaria berotzeko teknikak ikasiko dituzte, modu seguru eta efizientean, eta haiek sorkuntzarako erabiltzeko aukerak.
Saio praktikoetan, berriz, beren konbinazio propioak diseinatuko dituzte, koloreen, usainen eta apaingarrien arteko harmonia landuta.
Ordubeteko bi saio izango dira, eta parte hartzaileek kandela original eta pertsonalizatuak fabrikatuko dituzte, argizari soja, ontzi bereziak, eta apaingarri naturalak (laranja deshidratatuak, kanela, lore lehorrak…).
18:00-20:15 | Live Art
Ainhoa Gordo irundarra kaligrafian eta diseinuan espezialista da, eta, duela hamar bat urte, bere kontu hasi zen lanean, bere betidaniko hiru zaletasun bat eginda: kaligrafia, ilustrazioa eta diseinua. Lan horretatik estudio txiki bat sortu zen: AG Caligrafía.
Gaur egun, ezkontza eta ekitaldietan lan egiten du batez ere, paper gauzak eta apaingarriak diseinatzen, pintatzen eta askotariko opariak idazten, eta, festibalaren egunean, akuarelak egiten ditu, 5-10 minutuan, festibalaren ezaugarri nagusiak ageri dituztenak, baita festibaleko arropa ere.
20:30 | Kontzertua
Morochos Juan eta Ignacio anaia biki madrildarrek 2020an sortutako bikote bat da, flamenkoa eta popa Karibeko eta Mediterraneoko doinuekin nahasten dituena eta, horrela, freskura eta alaitasuna transmititzen dituena.
Sare sozialetan biralizatu, eta hazten hasi zen taldea. Horri esker, lehen diskoa argitaratu zuen, Con poquitas cosas ser feliz (2022), eta, haren barruan, Vivir para mí eta Gozadera abestiak, eta, horrela, Espainiako agertokietan indartsu sartu zen. 2024an, berriz, De dónde vengo aurkeztu zuen: disko helduago bat, anaien sustraiak eta emozio sakonak omentzen dituena.
2025ean, bere eboluzioaren adierazgarri diren bi kanta kaleratu, eta etapa berri bati ekin dio. Bere muinari eutsi dio, baina bere espektro emozionala hedatu du, desamodioari, antsietateari eta ziurgabetasunari kantatuta.
Gaur egun, bira betean dago, festibaletan parte hartzen, Espainiako agertokietan irmo. Autentiko eta sutsu, hazten jarraitzen du, eta eszenatoki bakoitzean itzala uzten.
Deperita eta Marrubi ere bai
Deperita fruta dendak frutarekin eta txokolatearekin esperimentatzea proposatuko du, eta Marrubi goxoki dendak, gozokiak eta Iruni buruzko ezaupideak konbinatuko dituen lehiaketa dibertigarri bat.




