Ficobak lau azoka, bi kongresu eta ospakizun jendetsu bat hartuko ditu hurrengo 6 asteetan

Ficobaren jarduerak ez du etenik. Izan ere, lau azoka, bi kongresu eta ospakizun jendetsu bat bat hartuko ditu datozen 6 asteetan zehar. Horregatik, datozen asteetan 15.000 pertsona baino gehiago hartzeko prestatzen ari da. Moda, ezkontzak, antzinako objektuak, zibersegurtasuna, enplegua, gazteen ekintzailetza, enpresa ospakizunak eta azterketak bezalako ekitaldiak egingo dira bertan.

Jendearentzako azokak

Irailaren 26tik 28ra, Gipuzkoako Outlet Azoka itzuliko da, 60tik gora standekin eta eskaintzaz beterik: moda, oinetakoak, osagarriak, kirol arropa, etxea, atsedena eta askoz gehiago. Sarrera 2 euroan izango da, eta 12 urtetik beherakoek doan sartuko dira.

Hurrengo ekitaldi handia Ficobako egutegi klasiko baten eskutik iritsiko da: Los Muñecos de la Tarta – IX. Ezkontza Azoka, urriaren 18an eta 19an. Lehen aldiz egingo da pabiloien eremuan, hain zuzen ere Ficobako 1. pabiloian. Bertan, bikoteek euren egun handia antolatzeko behar duten guztia aurkituko dute: jatetxea, argazkigintza, bitxigintza, makillajea, gonbidapenak, dekorazioa eta azken ezkontza-joerak.

Urriaren 25ean eta 26an, Antzinako Objetu, Bilduma eta Vintage Azoka izango da. Ficoban estreinakoz egingo da ekitaldi hau, eta bisitariei iraganera bidaia eskaintzen die, pieza bakar ugarirekin: altzariak, bitxiak, arropa vintagea, numismatika, zigiluak, panpin zaharrak eta gehiago. Ficobako 2. pabiloian izango da, eta asteburu osoan zehar publikoarentzako salmenta zuzena eskainiko da.

Kongresuak, topaketa profesionalak eta azterketak

Datozen asteetan Ficobako jardueraren protagonista izango dira ekitaldi profesionalak ere. Urriaren 9an Gipuzkoa IndustrySec-en 5. edizioa egingo da, lurraldeko zibersegurtasun industrialaren topagune nagusia, ZIUR-ek (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua. Adituen artean eztabaidatuko dira gaiak: adimen artifizialaren erronkak eta aukerak zibersegurtasunean, NIS2 Europako zuzentaraua eta industria inguruneko kasu praktikoak.

Horrez gain, prestakuntza eta gazteen ekintzailetza izango dira protagonista Ikasenpresa Kongresuan (urriak 21), Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako jardunaldian. Bertan, tailerretan arituko dira sormena, finantzak, komunikazioa, errealitate birtuala eta STEAM balioak lantzen, ideiak eta talde-lana sustatzeko helburuarekin.

Urriaren 23an, Ficoba berriz ere enpleguaren topagune bihurtuko da, Bidasoa bizirikek bultzatuta egingo den Enplegu Azoka berriarekin. Oraingoan mugaz gaindiko izaerarekin.

Eta ohikoa bihurtu denez, Ficoba izango da HABEren euskara mailak egiaztatzeko azterketen egoitza, urriaren 3an eta 4an.

Urteurren jendetsua

Agenda trinko honetan, ospakizunerako tartea ere izango da. Gureak-ek bere 50. urteurrena ospatuko du Ficoban, urriaren 31n, 4.000 pertsona inguru bilduko dituen ekitaldian. Erronka logistiko eta humano handia izango da Ficobako taldearentzat, eta harro dago desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzean erreferente den erakundea hartzeaz.

Guztira, 15.000 pertsona baino gehiago igaroko dira Ficobako instalazioetatik datozen asteetan, eta horrek sendotu egiten du Ficobaren papera erreferentziazko espazio gisa: publiko orokorrarentzat, profesionalentzat eta ekitaldi pribatuentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude