Mugaz Gaindiko Enplegu Azokak 55 enpresa baino gehiago bilduko ditu Ficoban urriaren 23an

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin elkarlanean, Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren lehen edizioa (POCTEFA EFA154/04) antolatu dute. Urriaren 23an izango da. Ficoban. Bidasoaldean aitzindaria den topaketa honek Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko 55 enpresa baino gehiago bilduko ditu.

Jardunaldia 09:00etatik 13:30era egingo da, eta helburu nagusia da enplegua bilatzen ari diren pertsonak mugaren bi aldeetan dauden lan-aukeretara hurbiltzea eta enpresekin harreman zuzena erraztea.

Formatu honi esker, parte-hartzaileek ordu gutxian lan-eskaintza zabala eskuratzeko aukera izango dute, bestela eskuratzeko zailagoak liratekeen aukerak hurbilduz. Lanean azokan ostalaritza, elikadura, industria eta zerbitzuak bezalako sektore askotarikoetako enpresek parte hartuko dute, baita lan-zerbitzu publikoek ere: Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta France Travail.

Nuria Alzaga Bidasoa bizirikeko lehendakariak azaldu dunez, Lanean azokaren antolaketarekin, hiru lurraldeetako enpresa-sarea enplegua bilatzen ari diren pertsonei hurbiltzeko urrats erabakigarria eman dute: “Bidasoa bizirik-ek lan-aukerak areagotzeko eta etorkizun profesionala bultzatu nahi dutenak laguntzeko lanean jarraitzen du, nabarmendu du Nuria Alzagak, Bidasoa bizirikeko lehendakariak”.

Lan aukerak eta informazioa

Elkarrizketetarako guneez gain, azokak informazio praktikoa eskainiko du hautaketa-prozesuei, gehien eskatzen diren lan-profilei eta enplegua bilatzeko laguntza-baliabideei buruz. Ekimenak mugaz gaindiko lankidetza sendotzen du eta Bidasoaldearen papera balioan jartzen du, Euskadi, Nafarroa eta Frantziako hegoaldearen arteko zubi natural gisa.

Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak azapimarratu duenez, “Lanean tresna estrategikoa da enplegagarritasuna indartzeko eta mugaz gaindiko lurraldean lan-mugikortasuna sustatzeko, enpresak eta pertsonak espazio berean elkartzen diren ekosistema bat sortuz.

Leyre Azconak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariaren hitzetan, Lanean proiektuaren helburua benetako mugaz gaindiko enplegu-arro bat egituratzea da, lan-mugikortasunaren erronkei erantzun bateratuak emanez. “Azoka hau lehen urratsa da Europako proiektu honek bultzatzen dituen ekintza ugarien artean; azken batean, helburua da erakundeen arteko lankidetza sendotzea eta mugaren bi aldeetako langile eta enpresentzako aukerak hobetzea», azaldu du Azconak.

Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azoka (POCTEFA EFA154/04) POCTEFA programa europarrak finantzatutako proiektua da, eta helburua Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaldeko eremuaren integrazio ekonomikoa eta soziala sendotzea da. Ekitaldi honen bidez, mugaz gaindiko lankidetza laboralari bultzada berria eman eta garapen partekaturako bide berriak ireki nahi dira. Azoka esperientzia duten eta beren ibilbide profesionala birbideratu nahi duten pertsonei zein enplegua bilatzen ari direnei zuzenduta dago, Sarrera librea eta doakoa izango da. CV-a bidali nahi dutenek, Bidasoa bizirikera bidali beharko dute. Era berean, azokaren egunera arte, Bidasoa biziriken webgunean eguneratuko dira etengabe lan eskaintzak.

Finantzaketa

EFA154/04 LANEAN proiektua Europar Batasunak kofinantzatu du % 65 Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren bidez (AFOMEF) – Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programa (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala bultzatzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude