Bidasoa Kirol Elkarteak “Lurraldea Gara” aurkeztu du. Proiektuak klubak Euskal Herriko lurraldearekin duen konpromisoa sendotzea eta eskubaloia belaunaldi berrietara hurbiltzea helburu du. Proiektuaren erdigunean teknifikazio-programa sendo eta zabala dago, lurraldeko hainbat tokitan garatuko dena, oinarrizko eskubaloia bultzatzearekin eta klubaren baloreak transmititzearekin jarraituz.
Lehen teknifikazioa Bilbon izango da, azaroaren 26an, eta Euskal Herriko beste hainbat herritara zabalduko den ibilbide baten abiapuntu izango da. Saio hauek gazte jokalari eta jokalarientzat izango dira, esperientziak partekatu, ikasi eta klubeko teknikarien eskutik hazteko aukera izango dutenak. Bidasoa Kirol Elkartearentzat, teknifikazio hauek funtsezko tresna dira kirol-komunitatea indartzeko eta lurraldearekin lotura estutzeko.
Testuinguru horretan, klubeko presidenteak, Gurutz Aginagaldek, azpimarratu du “Lurraldea Gara” duela urte batzuk hasitako lan formaktiboaren bilakaera naturala dela: “Zuzendaritzara iritsi ginenetik, gure konpromiso sendoenetako bat formakuntza eta bertako talentuaren aldeko apustua izan da. Lurraldeko klubekin elkarlanean aritu gara, haien lana errespetatuz eta balioetsiz, eta orain urrats bat gehiago eman nahi dugu: Bidasoaren eragina Euskal Herri osora zabaltzea”.
Era berean, teknifikazio hauetako babesleei eskerrak emateko aprobetxatu du: “Teknifikazioak ez dira entrenamendu soilak izango: gure goi-mailako baliabide guztiak eramango ditugu, eta Fylab, Natures Plus eta Podoactiva bezalako profesionalekin elkarlanean arituko gara, gazteei esperientzia formatibo oso bat eskaintzeko”.
Halaber, Aginagaldek gogorarazi du proiektuak izaera estrukturala duela: “Euskal Federazioarekin elkarlanean ariko gara, haiek 16 urtetik beherakoekin egiten duten lana osatuz, eta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa iparraldea eta Akitania Berriko hegoaldera iritsiko gara. Potentziala duen edozein neska-mutilek bere gaitasuna garatzeko aukera izan dezan nahi dugu”.
Kamiseta oroigarria
Proiektuaren parte gisa, Bidasoa Kirol Elkarteak “Lurraldea Gara” lelopean kamiseta oroigarri bat diseinatu du, identitatearen ikur hurbil eta partekatu gisa sortua. Jantzia ikurrinaren koloreetan oinarrituta dago (gorria, berdea eta zuria), eta bi partida ofizialetan estreinatuko da: Azaroaren 29an, NEXUS ENERGÍA ASOBAL Ligako partidan, Artalekun, Recoletas Atlético Valladoliden aurka eta abenduaren 2an, EHF European Leagueko talde-faseko azken jardunaldian, SG Flensburg-Handewitt-en aurka. Era berean, atezainen kamisetak guztiz zuriak izango dira, ikurrinaren estetika tradizionalari jarraituz.
Gaur, azaroak 21, ostirala, egongo da eskuragarri kamiseta berezi hau eskuratu nahi duten pertsona guztientzat. Prozesua Berrlyren bidez egingo da eta kamiseta eskatzeko epea aste batekoa izango da (azaroaren 27ra arte). Kamisetak klubeko bulegoan jasoko dira; datozen egunetan bilketa-moduari eta egunei buruzko informazioa emango da. Entrega Gabonak baino lehen egingo da.
Kamiseten prezioak honako hauek izango dira: 35 euro bazkideentzat, 45 euro ez-bazkideentzat, 45 euro atezainaren kamiseta bazkideentzat eta 55 euro atezainaren kamiseta ez-bazkideentzat
Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan
Aginagaldek gogora ekarri du ekimen hau Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira kokatzen dela, klubaren konpromiso kulturala azpimarratuz: “Lurraldea Gara gure erreferente garen herri eta hiriekin dugun lotura sendotzeko sortu da. Eskubaloia maite duen jende guztira hurbildu nahi dugu, eta aldi berean, jende hori Bidasoara gerturatu”.
Bidasoa Kirol Elkartetik azpimarratzen du “Lurraldea Gara” proiektu bizia dela, etengabe garatzen joateko bokazioarekin sortua, kultur eta kirol sustapenerako ekintzen bidez hazten jarraituko duena. Ekimen estrategiko honen bidez, klubak berretsi egiten du bere identitatea sendotzeko, oinarrizko kirola sustatzeko eta afizioarekin zein Euskal Herriko lurralde osoarekin dituen loturak are gehiago estutzeko borondatea.



