Urte berria hastearekin batera Ola Sagardotegian denboraldi berria abiatzeko azken prestaketa lanetan murgilduta daude. Aurten, 2026ko urtarrilaren 18an egingo dute Txotx Irekiera ekitaldia. Beti berezia izaten den ekitaldi hori, iaz are bereziagoa izan zen, Iñaki Bengoetxeak Eider Bengoetxeari lekukoa sagardotegiko giltzak emanda pasa ostean. Dagoeneko Eider eta Ainhoa Bengoetxea ahizpak sagardotegiaren gidaritzan geroz eta ardura gehiago hartzen hasiak dira. Eider Bengoetxeak urte berriak eta etorkizunak ekarriko dizkien erronkak hausnartu ditu.
Nola doaz sagardotegi denboraldi berria prestatzeko lanak?
Momentuz lasai gabiltza, zeren oraindik denboraldia hasteko hilabete inguru falta da. Upeltegian adibidez, jada prestaketak oso aurreratuak ditugu, izan ere, jada sagardoz beterik ditugulako upelak. Oraindik apur bat irakiten daude, baina urtarrilerako dena prest egongo da, guztiz garbi eta goraino beteta egon daitezen sagardo berriarekin, txotx garaian dastatu ahal izateko.
“Publikoki errelebo hori irudikatu zen, eta beraz, emozioz betetako eguna izan zen eta oso polita gogoratzen dut”
Iazko txotx irekiera momentu berezia izan zen. 25. urteurrena ospatzeaz gain, aitak sagardotegiko lekukoa pasa zizuen eta, ezta?
Bai, oso berezia izan zen. Bagenekien egun berezia izango zela, hori antolatzeko prestaketa lan asko izan zirelako atzetik. Tartean, sorpresa bat ere izan zen, ez nuelako pentsatzen protagonismoa eramango nuenik, ez baitzen hori nire asmoa. Publikoki errelebo hori irudikatu zen, beraz, emozioz betetako eguna izan zen eta oso polita gogoratzen dut.
Horrela, familiaren negozioari jarraipena ematea erabaki duzue, gaur egun geroz eta ezohikoagoa den zerbait.
Bai, ez da ohikoa, ez sektore honetan bakarrik, baizik eta orokorrean gertatzen ari den gauza bat da, hau da, negozioak aurrera ateratzeko erreleboak falta direla. Bizitzak buelta asko ematen ditu eta denok ez dugu erabakitzen bide bera jarraitzea. Hemen momentuz erreleboa badago, bai ahizparengan eta niregan, eta aurrerantzean, adibidez, kupeldegia eta sagastiak nire ardura izango dira.
“Lehen jendea gehiago animatzen zen afarietarako eta orain aldiz, askok nahiago dute eguerdian bazkaltzera etorri”
Erreleboa gertatu zenetik, ardura eta zereginen banaketan aldaketa handia nabaritu duzue?
Momentuz ez, hau ez baita izan egun bateko gauza bat. Lehendik hasiak ginen aldaketa hau prestatzen. Aitak oraindik ere egiten du lehendik egiten zuen lanen bat eta laguntzen jarraitzen du, baina aldaketak iritsiko dira, bai.
Sagardotegi giroan hazitakoa izateak abantailarik ematen dizu erronka honen aurrean?
Bai, azkenean, sagardotegi hau orain dela 25 urte ireki zenean nik 11 urte nituen. Beraz, bai, esan daiteke bertan hazi naizela eta bertan ikasi dudala lanean. Ondorioz, ofizioa ez da berria niretzat eta abantaila bat da hori, bai niretzat zein ahizparentzat. Hortaz, egin behar duguna da horrela jarraitzea.
“Hau da, sagardoa eta kultura biak batera doaz”
Dena den, 25 urteren ostean, sagardotegi munduan gauzak ere asko aldatuko ziren, ezta?
Izugarri aldatu dira. Jendearen kontsumitzeko modua asko aldatu da. Batez ere, ordutegiak. Lehen jendea gehiago animatzen zen afarietarako eta orain aldiz, askok nahiago dute eguerdian bazkaltzera etorri. Aldaketak beti daude, baina batez ere, azkeneko 5 urteetan aldaketa handia nabaritu dugu. Bestetik, nabaritu dugu bertako kontsumitzaileaz gain, estatuko beste lekuetatik, esaterako, Madriletik edo Bartzelonatik jende asko etortzen hasi zaigula.
Alaba gisa, zein izan da aitarengandik jaso duzuen ikaskuntzarik baliagarriena?
Gauza asko erakutsi dizkigu, baina, tira, bat esatearren, sagardotegiaren eta kulturaren arteko harremana mantentzearen garrantzia aipatuko nuke. Uste dut hori dela gure gakoa eta noski, sagardotegien nortasuna ere bai. Hau da, sagardoa eta kultura biak batera doaz.
Zuek, belaunaldi berri gisa, zer erronka dituzue aurretik?
Asmoa, orain arte lortutako guztiari eusteaz gain, gure asmoa da gazte jendea sagardotegi mundura erakartzea, bertan kontsumitu dezaten. Orain beste kontsumo ohitura batzuk ditugu, garagardoa izan daitekeena. Uste dugu momenturen batean belaunaldien arteko transmisio hori eten egin dela eta, beraz, adin batetik aurrerako jendea etortzen dela batez ere. Zenbait gaztek etortzen jarraitzen dute noski, baina nik uste gure erronka nagusia izango dela bertako gazteak berriro sagardotegira erakartzea, sagardoa urte osoan zehar kontsumitu dezaten.
Denboraldi berriaren atarian, baduzue nobedaderik buruan 2026rako?
Momentuz ez dugu ezer garbi txotxa irekitzeko hilabete falta denean. Hala ere, gauzak pentsatzen hasiak gara, izan ere, zenbait berrikuntza egiteko beharra ikusten dugu eta. Beraz, ez, oraindik ez dugu aldaketa zehatzik buruan.
“Sagarren ia % 60a etxekoa izanik, sagardo ezberdinak egiteko aukera ematen digu horrek”
Nolakoa izan da aurtengo uzta eta, ondorioz, nola dator 2026ko sagardoa?
Uzta oso handia izan da aurten. Hala espero zen eta sagar asko izan dugu, baina, egia esatearren, uste zena baino gutxiago. Hainbeste sagar edukita eta sagarren ia % 60a etxekoa izanik, sagardo ezberdinak egiteko aukera ematen digu horrek. Duela urte batzuetatik hona hasi ginen sagar desberdinekin sagardo mota ezberdinak sortzen, joko bat balitz bezala. Horrela, ordutik, sagardo monobarietalak eta bibarietalak egin izan ditugu. Aurten, kantitate handia genuenez, 4 kupel ezberdin egin ditugu guztira, gure ohiko sagardoaz gain. Sagardo berri horiek oso bereziak dira, ondo aukeratutako sagarrekin egindakoak eta, esan bezala, monobarietalak eta bi barietalak dira. Urtarriletik aurrera sagardo berezi horiek dastatzeko aukera izango dugu sagardotegian.
Gaur egun gainera, sagardotegian bertan edateaz gain, sagardoa etxean disfrutatzeko aukera dago eta hala eskaintzen duzue zuek ere, ezta?
Hori da. Batzuetan pentsatzen da sagardoa sagardotegian bakarrik kontsumitzen dela eta ez, sagardotegitik kanpo ere asko edaten da. Egia da hemen, gure zonaldean, Gipuzkoan batez ere, sagardo asko edaten dela. Adibidez, jatetxeetan gero eta gehiago kontsumitzen den edari bat da. Azkenean, freskagarria den edaria da eta alkohol graduazio baxua du. Gainera, gazteen artean sagardoa edateko joera dagoela esango nuke, baina oraindik agian egun jakinetan bakarrik. Hau da, askotan sagardoa San Tomas, Sagardo Eguna edo antzeko festekin lotzen dugu. Hortaz, gure asmoa da egunerokotasunean ere edo edozein ostatura joaterakoan, poteoan esaterako, sagardoa eskatzea eta edatea.
Zer eskatzen diozue aurtengo denboraldiari arrakastatsua izan dadin?
Beti bezala, denboraldi lasai bat izatea espero dugu, jendeak disfruta dezan eta sagardoa dastatzeko aukera izan dezan. Nik uste dut sagardoa balioan jarri behar dugula, atzetik lan handia duen edaria baita. Izan ere, sagardoa egin arte urte guztiko lana dago atzetik: sagastietatik hasita eta elaborazio prozesu guztia kontutan hartuta. Beraz, gure helburua hori da, jendea pixka bat kontzientziatzea poliki-poliki sagardoa egunerokotasunean ere edateko edari ona izan daitekeela. Horretaz gain, bere balioa duela eta horregatik, balioan jarri behar dugula.
“Kupeletara altxatzen garenean magia hori sortzen da, beste edozein jatetxetan gertatzen ez dena”
Sagardotegira jendea erakartzeko jarduera osagarriak, adibidez, bertsolariak edo trikitilariak ekartzea, lagungarria izango da, noski, ezta?
Hori da. Azkenean guk nahi duguna da jendea gurera etortzea eta bertan entretenitua sentitzea, hau da, esperientziaz gozatuz. Izan ere, sagardotegia sozializatzeko beste toki bat da. Kupeletara altxatzen garenean magia hori sortzen da, beste edozein jatetxetan gertatzen ez dena. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera ematen duen lekua da. Bestetik, kulturalki ere informatzeko leku aproposa da. Horregatik, ekitaldi bereziak antolatzen saiatzen gara, bai: bertso bazkariak eta afariak, kantu afariak eta trikitixa emanaldiak izaten ditugu larunbatetan eta bisita gidatuak ere eskaintzen ditugu, esperientzia guztia osatzeko.
Egun, sagardotegiaren sektorean lanean ari zaretenen artean, emakume asko zarete?
Momentuz oraindik gizonaren irudia gehiago ikusten da sagardotegietan emakumeena baino. Egia da, hurrengo belaunaldiei begira, hau da, nire atzetik datozenetan, emakumeak geroz eta gehiago direla eta, beraz, ziur nago hemendik aurrerako urteetan emakume gehiago ikusiko ditugula sagardotegien buruzagi lanetan.
“Erronka izango da gazteria erakartzea, sagardotegietan kontsumitzen jarrai dezan”
Zeintzuk dira etorkizunera begira sagardotegiei ikusten dizkiezun erronka nagusiak?
Erronka izango da gazteria erakartzea, sagardotegietan kontsumitzen jarrai dezan. Hau da, beraien aitona-amonek edo gurasoek zeukaten ohitura hori barneratu dezaten. Bestetik, krisi ekonomikoa hor beti ate joka dugu, prezioak etengabe igotzen direlako, beraz, ulertzen dugu menuaren prezioa askotan hainbeste ez etortzeko arrazoia izan daitekeela. Beraz, bai, horretan sektoreak erronka handia duela uste dut, sagardotegia denon kontsumo gaitasunetara egokitzen den lekua izaten jarrai dezan.
Eider Bengoetxea
Eider Bengoetxearen bizitza gazte-gaztetatik Ola sagardotegiko lanetara loturik egon da. Hasieran, barraren atzean eta zerbitzari gisa egin zituen bere lehen lanak. Ostean, upategiarekin eta sagastiekin loturiko zereginetan ardura gehiago hartzen joan zen pixkanaka. Gaur egun, Iñaki aitak eta Ainhoa ahizpak egiten dituzten lanez gain, sagardotegiaren kudeaketa administratiboaz ere arduratzen da. Gainera, sagardo elkarteko batzordekide ere bada.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



